Pello Urzelai (berria) 2011/2/25
Filtrazioen iragazkia
Wikileaksek, zalantzarik ez, arrastorik utziko du, politikagintzan (agintarien zein herritarren ikuspegitik)eta kazetaritzan. Cablegate-ren parekorik ez dago. Halako sekretu filtraziorik ez da orain arte gertatu: 250.000 kable diplomatiko, 300 miloi hitz. Internet eta sare sozialen garaian, oihartzuna mundu mailakoa izan da. Oraina zehaztasun gehiagoz ezagutzeko balio izan du, agintarien zurikeriak eragindako ilunantzik gabe. Zalantzazkoa da, ordea, aldaketa sakonik ekarri izana. Jakina denez, Wikileaksek zabaldutako kableetan agertu dira Tunisia, Egipto edo Libiako aferak, baina informazio horien zabalkundearen eta matxinaden arteko lotura oso ahula da. Kazetaritzaren eremuan ere, Cablegate-k ez du aldaketa sakonik ekarri, besteak beste, sekretuen hedapenaz bost hedabide tradizional arduratu baitira, eta haien posizioa indartzeaz gain informazioa kode tradizionalen bidez isuri dutelako. Horrez gain, izozmendiaren erpina baino ez dutelako erakutsi: 250.000 kable horietatik soilik %2 dago eskuragai herritarrentzat.