Josu Torre (deia) 2011/2/24
Tejero vs. Rubalcaba
Hogeitamar urte bete dira atzo Antonio Tejero guardia zibilak bere kide mordo batekin Madrileko Kongresua armaz eta, batez ere, zarataz asaltatu eta hartu zuena. (...) Zerbait gogoratzekotan, hauxe. Ordu batzuez, Espainiako Kongresua, Estatu eta Aberri sakrosantoaren demokrazia kolokan jarriz gain, Guardia Zibilaren esku geratu zela.
Garai hartan nuen baserri lana bukatu eta iluntzera kalera jaitsi nintzan bizpahiru txikito hartzera ohiko tabernetan. Autoa aparkatu orduko halako batetako jabea atera zen kalera Madrilen jasotakoen berri ematera, ni bezalakoak arriskuan egon zitzakenaren beldurrez edo. Erasogileak guardia zibilak zirela esan zidanean, txikito horiek lasai hartzea erabaki nuen, nahiz eta haietako taberna batetan Bilboko nire etxeko deia izan nuen laster bueltatzeko esanez. Dena den, ez nuen sinetsi traje berdedun horiek zerbait serioa, neurri horretako ekimen trinkorik aurrera eramateko gai zirenik.
Nik ez nuen sinetsi baina Pérez Rubalcaba ministro ahalguztidunak bai sinesten du. Norbaitek ulertu ez badu, berresango dut, alderdi bat, gizatalde bat, iritzi bat eta hau dutenek, herri edo herri zati bat hautatzaile eta hautagai izateko aukera gabe uztea, demokraziari eta Giza Eskubideei zaplastako bat ematea dela. Demokraziaren ukazioa hobe esanda. Eta horixe egiten saiatuko da berriro Rubalcaba jauna eta, hona paradoxa, berriro Espainiako demokrazia Guardia Zibilaren informeetan oinarritua.