GARA > Idatzia > Iritzia> Hemeroteka

Jesus Mari Mendizabal (el diario vasco) 2011/2/22

Beharra

Aurreko astean orriotan `Nalika' baten gutuna zetorren. Hondarribiko udalak sei hilabeteko lanpostu batzuk sortu omen ditu eta, bera, hondarribiarra izan arren, baztertua geratu dela euskara ez dakielako: «Exclusión laboral por no saber euskera». (...) Aurreko astean bertan Txillardegi jaunak Berria-n ateraldi gordina egin zuen: beste edozein hizkuntza bezala, euskara ere ez omen dela salbatuko, haren beharrik ez bada, haren beharrik sentitzen ez bada. Euskararen beharra beharrezkoa dela.

Nalikarena defendatzeko adina arrazoi bada Txillardegirenari eusteko. Begira. Gure izeba zena (Ategorrietako etxe batera neskame joateko) eta gure ama zena (Tolosan zerbitzari hasteko) gaztelania hobeto ikastera/praktikatzera behartu (erne aditza!) zituzten. Gizalegez eta kortesiaz, gogo onez ikasi zuten kastillanoa. Nire emazteak, irakasle-karrera bukatu eta, hemen (erne adizlaguna!) lan egiteko, bere burua, lotsez eta motzez, euskara ikastera behartu zuen. Gure alabek gaztelania jakiteko obligazioa (erne substantiboa!) dute hemen.

Zaharra da ipuina: Semeak egur-zakua bizkarrera jaso ezin zuela eta: «Aita, ezin dut!». Aitak, orduan: «Hots egiok beharrari; ikusiko duk!». Beharrari hots egin, horixe. Beharra lana da beti. Eta, batzuetan, egia gordinik jan behar da, gordinik. Kortesiaz ez bada, lotsaz bederen, Hondarribian (oraindik) euskara behar da. Nik, udalari txalo!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo