Xabier Mikel Errekondo, Usurbilgo alkatea
Herritarra eredu eta konponbide
Ez zabortegiek, ez teknologia toxikoek ez dute hondakinekin dugun arazoa herritarrek baino egokiago eta arduratsuago konponduko
Sinesten dut herritarrengan. Bere balio, iritzi, juzku eta arduran konfiantza osoa dut. Herri bat herritarrekin egiten dela pentsatzen dutenetakoa naiz. Herri bat ez dute azpiegitura garesti, teknologia toxiko, politikarien programek egiten, hauek atzetik herritarren babesik ez badute. Azken lau urteetan neure kabuz ikasi dudan leziorik garrantzitsuena izan da. Herritarrei zor gatzaizkie, haien iritzi, behar eta nahien ordezkari garelako eta lan egiten dugun erakundeak ere haien bizitza hobetzeko gertuen dauden tresnak direlako.
Usurbilen, hondakinen eguneroko kudeaketarekin jendarteak duen arazoa konpontzeko irtenbidea herritarren eskuetan zegoela ikusi genuen: ez zabortegiek, ez teknologia toxikoek ez dute hondakinekin dugun arazoa herritarrek baino egokiago eta arduratsuago konponduko.
Herritarraren balioa: Ez da hau diodan lehen aldia: pertsona, herritarra da ezagutzen dudan teknologia inteligente, arduratsu eta errespetuzkoena. Horren ondoan, utikan XXI. mendeko minbiziak sortzen dizkiguten asmazio tekniko guztiak. Herritarra, arazoaren muina azaldu eta konponbidearen giltza izateko aukera eskaintzen bazaio, soluzioarekin konprometitzen da. Usurbilen ikusi dut. Herritarrek, egunero-egunero, hondakinak, nahastu gabe, bereizita sailkatzen dituzte, inongo makinak egingo lukeena baino garbiago, hauek alfer eta arduragabetzat hartzen dituzten politikariei lezio zibiko bat emanez, astea joan eta astea etorri.
Herritarren adibidea: Usurbilgo hondakinen Atez Ateko Bilketa herritarren ahalmenaren adibidea izan da. Egunero-egunero herritarrek hartutako ardurak bakarrik azaldu dezake, herri honek lortzen duen %85etik gorako birziklatze tasa. Usurbilen hondakinen kudeaketan lortutako emaitzak ez dira eredu baten aldaketan soilik oinarritzen. Ideiak, ereduak, moduak ez du zentzurik, herritarrek hau babesten ez badute.
Parte hartzea: Proiektu batean konfiantza duen herritar multzoa makineria geldiezina da. Baina horretarako, lehenik, arazoarekiko informazio oro aurkeztu behar zaio eta konponbiderako proposamenak berarekin zehaztu behar dira gero. Helburu horrekin, parte-hartze prozesu zabal bat abiarazi genuen 2008ko udazkenean. Usurbildarrei, hiri hondakinen eguneroko kudeaketarekin Gipuzkoak zuen arazoari zer-nolako konponbidea eman ahal geniezaiokeen aurkezten genien, eta horretarako, auzo guztiekin eta sektore ekonomiko ezberdinekin bildu ginen. Guztira 2.000 herritar bildu ziren egin genituen hogei bilera baino gehiagotara.
Bertaratu zirenekin adostu genuen atez ateko hondakinen bilketaren prozedura izango zena; haien babes eta erabakiarekin ez balitz, ezingo genukeen herritarren beharretara moldatzen den sistema bat abian jarri.
Galdetu eta entzun: Parte-hartze prozesuan adostutakoa praktikan jarriz, 2009ko martxoaren 16an ekin genion hondakinak atez ate biltzeari Usurbilen. Herritarrek egunero erakutsi dute arazoari konponbidea ematerakoan arduraz aritzen direla. Bitarte honetan sekulako emaitzak lortu ditugu, Hernani eta Oiartzungo herriekin batera, gainerako Gipuzkoako herriekin alderatu ezin direnak, nola organikoaren bilketari dagokionean, hala horren kalitateari dagokionean ere, nabarmen murrizteraino zabortegira bidaltzen genuen tona kopurua.
Herritarrekin hasitako parte-hartze prozesuari segida emanez, hondakinak atez ate biltzen urtebete generamanean eta herritarrek bilketa sistema berriaren nondik norakoak ezagutzen zituztenean, herri galdeketa bat egin genuen 2010eko otsailaren 27 eta 28an. Orain justu urtebete.
Emaitzek herritarrek prozesu guztiarekin erakutsitako ardura eta konpromisoa erakutsi zuten bertan: 3.452 usurbildarrek hartu zuten parte galdeketan, Usurbilen botoa eman zezaketen herritarren %70,23k. Horien %56,23ak Atez Ateko Bilketarekin jarraitzearen aldeko hautua egin zuen. Herritarrak, informazioa jaso, konponbidea zedarritzen aktiboa izan, hau eguneroko praktikara eramateko kontzientzia izan, eta hautatzeko garaian, arduraz jokatzen du, eta hori izan da, 2008tik eta gaur arte usurbildarrek erakutsi dutena.
Konfiantza: Sinesten dut herritarrengan. Bere balio, iritzi, juzku eta arduran konfiantza osoa dut.
Herritarra da udalaren helburua eta herritarra da konponbidea. Konfiantza osoa dut haiengan eta Usurbilgo ereduan oinarritzen naiz hori esateko.