Europako bidean
Lehena ez dadila izan azkena
Txapeldunen Liga ametsen eremutik atera eta helburu errealisten artean sartzeko, garaipenaren bideari berrekin behar dio Athleticek.
Amaia U. LASAGABASTER I
Denboraldiko azken txanparen lehen urratsa emango du gaur Athleticek. Txanpa erabakigarria, batez ere San Mamesen jokatuko diren partidei dagokienez, bertan erabakiko baita Athleticen etorkizuna.
Lehen urrats honek, baina, azkena izatearen mehatxua ere badakar. Europa League helburuen artean dagoen bitartean, Txapeldunen Liga ametsen eremuari dagokio oraindik, eta bertan geratuko da, zuri-gorriek Valentziaren bisitak eskaintzen dien aukera aprobetxatu ezean. 42 puntu daude oraindik lehian, baina aldeak adigarriak dira dagoeneko. Berriro garaipenen bideari heltzea ez badute lortzen, Europako txapelketa garrantzitsuenera itzultzeko aukerari agur esan beharko diote bilbotarrek. Azken bi porrotak ahaztu, eta urte hasieran gauzatutako ibilbidearen ildotik joz gero, berriz, amets horrekin jarraitzeko eskubide ukaezina izango dute.
Horren aldeko apustua egiteko abalak egon, badaude. Hasteko, azken bi partidak galdu arren, zuri-gorriek konfiantzaz betetako eta asmo handiko diskurtsoa mantendu dute, ager zitezkeen zalantzak baztertuz. Bestetik, Camp Nou zelaian emandako itxura onarekin, zilegi da pentsatzea aurreko jardunaldietan hain emaitza onak bideratu zituen joko maila ez dela desagertu.
Sentsazio horiek egiaztatzeko, exijentzia handiko azterketa izango da gaurkoa. Beti bezala, krisiaren itzalak ilunduta dator Valentzia, baina horrek ezin du haren errealitatea ezkutatu: bere jokoak inor amoratu ez arren, hamar partida jarraian daramatza galdu barik, eta pauso sendoz aurrera egiten ari da hirugarren postua errepikatzeko bidean.
Etxeko ibilbidea
Joaquin Caparrosen hitzetan, «heldu den» talde baten benetako aukerak neurtzeko «norgehiagoka ideala da». Bai denboraldiko «une garrantzitsu batean» heltzen delako, bai aurkaria nolanahikoa ez delakoa. «Zer edo zer ondo egiten ari da Valentzia, udan sekulako aldaketa sufritu ondoren, sailkapenaren hirugarren postuan baitago, aurretik Bartzelona eta Real Madril besterik ez dituela. Sekulako taldea da eta oso ondo zuzenduta dago».
Horregatik, «aurrerapauso» dotorea emateko aukera eskaintzen dio Athletici. Zuri-gorriek gogoz jasotzen dute eskaintza hori, «etxeko ibilbidea mantendu nahi dugulako, sendotasunez eutsiz, denboraldi amaieran saria izan dezagun». «Ikusiko dugu gero zer gertatzen den -jarraitu zuen andaluziarrak-, oso neurketa irekiak izaten baitira, baina gure asmoa lehiatzea eta partida ona egitea da».
Unai Emeryk ere sekulako garrantzia eman dio partidari, «Txapeldunen Ligan egoteko halako partidak nahitaez irabazi behar baitira. Athleticek irabaziz gero, gure borrokan sartuko da buru-belarri -ohartarazi zuen-. Prest egon behar dugu, beraz, oso talde mentalizatu bati aurre egiteko».
Hasieran iragarri baino aldaketa gehiagorekin itzuliko da Athletic San Mamesera, deigarrienak soilik deialdiari dagozkionak izan arren. Lau aurpegi berri gehitu ditu Joaquin Caparrosek bere zerrendara, eta horien artean daude Mikel Balenziaga eta Iñigo Diaz de Cerio.
Raul atezainarekin batera, zumarragarra da oraindik estreinatu ez den jokalari zuri-gorri bakarra, eta deialdiko aulkian egon den partidak kontatzeko ere nahikoak dira esku bateko hatzak. Aurrelariaren esperientzia ez da askoz hobea: Kordobatik itzuli eta berehala erakutsi nahi izan zion Caparrosek bere konfiantza. Baina Herculesen aurka estreinako minutuak jokatu ondoren, deialdietatik ere desagertu egin zen.
Gipuzkoar biekin batera, Mikel San Jose eta Pablo Orbaiz berreskuratu ditu entrenatzaileak, biek beren lesioak gainditu ondoren. Defentsa izango da, hala ere, hamaikakoan sartuko den bakarra, Fernando Amorebieta aulkian utziz.
Gainerako aldaketek hegalei eragingo diete, David Lopez eta Iker Muniainen itzulerarekin, eta batez ere Oscar De Marcosen «debutarekin». Estreinako partida jokatuko du Biasterikoak hamaikakoan eta baita eskuin hegalean ere, Andoni Iraola ordezkatuz.
Zailagoa da Unai Emeryren egitasmoak iragartzea, aldaketak eta ustekabeak asteroko errutina bilakatu baitira Valentziaren entrenatzailearekin.
Giro erabat nahasian, hogei jokalarirekin iritsi da Bilbora. Miguel Britok diziplina urratu du, gauean irten, eta hurrengo lan saiora berandu helduz; eta Chori Dominguezek entrenatzaileari berari aurre eman zion joan den asteburuan. Klubak zigortu du bata, eta Emeryk bestea, emaitza berberaz: Valentzian geratu dira. A.U.L.