GARA > Idatzia > Euskal Herria

Oinarrizko eskubideen alde lan egitera deitu dute emakume baserritarrek

Bilgune Feministak eta Emakume Baserritarren Elkarteak mobilizatzeko deia egin dute, prekarietate egoerak salatzeko eta «gure bizi baldintzak hobetzeko neurriak exijitzeko». «Bizitza duinera salto» egiteko deiarekin batera, emakumeen borroka ez dagoela krisian erantsi dute.

GARA |

Bilgune Feminista eta EBEL (Emakume Baserritarren Elkartea) batera agertu ziren atzo komunikabideen aurrean, mezu argi bat plazaratzeko: «Duintasunik gabeko etorkizunera kondenatu nahi gaituzten arren, guk geuk gaurdanik dagokigun geroa eraikitzen jardun behar dugu, gure eskubideen aldeko borrokan, Euskal Herri feminista ez baitago krisian».

Gogoratu zutenez, 90eko hamarkadan EHNE sindikatuak egindako lanari eta orduko borrokei esker lortu zen emakume baserritar asko kotizatzen hastea. Egun, berriz, gobernuen azken neurriek emakumeen eskubideak kaltetzen dituztela salatu zuten.

Egoerak okerrera egin duela ohartarazi ostean, horri buelta emateko apustua egiten dutela nabarmendu zuten, «adin eta kolore ezberdinetako emaku- meak» izan arren, eta krisia «modu berezituan pairatu» arren. «Inoiz baino ozenago, bizi ditugun prekarietate egoerak salatu eta gure bizi baldintzak hobetzeko neurriak exijitu behar ditugu», adierazi zuten. Testuinguru horretan, eta lanerako eskubidea dela-eta, «emakumeok ekonomiaren subjektu moduan aintzat hartu» beharra nabarmendu zuten. Azaldu zutenez, lan produktiboaren eta ugalketa lanaren errekonozimendu soziala, politiko eta ekonomikoa beharrezkoa da, ekonomiaren kontabilitatearen parte izateko.

Bestalde, gutxieneko diru sarrerak izateko eskubidea aldarrikatu zuten, eta horri begira, «pobreziaren mugatik behera kokatutako oinarrizko soldata onartzen duen hitzarmenik» ezin dela onartu azaldu zuten.

«Emakumeon bizi baldintzak hobetzeko aurrekontuak» exijitzearen beharra aipatu zuten, baita etxebizitza, oinarrizko eskubidea izanik, hori bermatzeko instituzioek bitarteko guztiak jartzeko eskatu ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo