GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hiztunentzat «arnasguneak» sortzea da Euskaldunon Elkarteen lehentasuna

p024_f01.jpg

GARA |

Topagunea eta Euskaldunon Elkarteen Mugimendua osatzen duten 95 taldeetako ki- deak XXI. mendeko Euskaldunon Elkarteen Mugimenduaren Kongresuan bildu ziren atzo Bilbon. Azaldu zutenez, 200 lagunek hartu zuten parte bilkura berezi horretan, mende laurdeneko lanaren balorazioa egiteko eta etorkizuneko lan-ildoak zehazteko.

Hausnarketa sakonaren ostean, euskaldunen elkarteek euskaraz bizitzeko hautua egin dutenen «bilgune antolatu modura eragiten jarraitzeko konpromisoa berretsi zuten». Izan ere, mugimenduak euskaldunon bilgune izaten jarraitzeko apustua berretsi zuen, eta gizarte mugimenduak «boteregune politiko, ekonomiko eta sozialetan eragiteko» duen konpromisoa bere egin zuen.

Bestalde, hemendik aurrera egin beharreko lanen artean, euskal hiztunek euskaraz bizitzeko behar dituzten «arnasguneak antolatzea eta zaintzea» lehentasunezko helbu- rutzat jarri dutela argitu zuten. Euskaraz bizitzeko baldintzak bermatzeko bide horretan, hurrengo urteetan «euskararentzat espazio eta funtzio hegemonikoak» sustatzen indarrak ipintzea erabaki zuten, bestalde. Azaldu zutenez, ideia berria ez bada ere, nabarmentzekoa da arlo horretan sakontzearen alde hartutako apustua.

Kongresuan, euskaldunen elkarteen mugimenduak bere hasierak gogorarazi zituen, 1983an euskaltzale batzuek lehenengo pausoak eman zituztenetik.

Amets eta behar berdinak

Jaiotzatik ekimenak bilgune izan eta euskal komunitatea trinkotzeko izan zituen helburuak ekarri zituzten gogora, eta garai hartako «amets eta beharrek bere horretan jarraitzen dutela» baieztatu zuten, eta horrekin lotuta, mugimenduaren funtzioak ere mantentzen direla adierazi zuten.

Mugimenduaren egoeraren argazkia ere egin zuten; egun 20.000 bazkide kuotadunetik gora, 450 langile eta 1.400 boluntario zenbatzen dituzte.

Elkarteek lan egiten duten esparru zabalaz gain, euskarazko toki hedabideetan egindako lana ere nabarmendu zuten, baita kultur dinamikan egindakoa, aisialdiko eskaintzan, mintzapraktika egitasmoetan eta sentsibilizazio arloko egitasmoetan egindakoa ere bai.

Hausnarketaren ostean, aisirako tartea zabaldu zuten kongresuko parte-hartzaileek Kafe Antzokian, zenbait kultur sortzailerekin batera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo