K.C. McKanzie musikari alemaniarrak kontzertua emango du gaur Bilbon
GARA |
K.C. McKanzie musikari alemaniarrak folk eta americana soinuak uztartuko ditu gaur Bilboko BBK aretoan eskainiko duen kontzertuan. Iluntzeko zortzietan hasiko da emanaldia, eta «Musiketan» zikloaren barruan antolatu dute, Producciones Serranok atzo jakitera eman zuenez.
15 urte zituenean, K.C. McKanziek, ahizparen aldamenean eseri eta The Band taldearen «The Weight» abestia entzun zuen irratian. Orduan jakin zuen zein zen bere soinua. 17 urterekin gitarra koloretsu bat eta bost disko zituen. «Captain Beefheart eta Tori Amos entzuten nituen eta uste nuen ez zegoela musikaz gehiago jakin beharrik», dio musikari alemaniarrak.
Geroago, K.C. McKanziek Joe Budi Budinsky ezagutu zuen. Handik gutxira, bere lehen abestiak idatzi zituen eta lehen diskoa 2004an grabatu zuen: «Weird tunes from a wild mind». Prentsak «etorkizun handikotzat» jo zuen lana, eta «Son of the Devil» abestia hamazazpi neska musikagile biltzen zituen «Sirens of Berlin» bilduman ere editatu zuten gero.
2006an K.C. McKanziek «The Widow Tries To Hide» plazaratu zuen, eta 2008an «Hammer & Nails». Lan horietan, country eta folk konbinazio oso pertsonala sortu zuen musikari alemaniarrak.
Mugak zabalduz
«DryLand» disko berrian, K.C. McKanziek bere musika mugak apur bat zabaldu ditu. Hamahiru abesti «distiratsu, indartsu eta eder» idatzi ditu, melodia sendo eta eternal kutsukoak.
Bere ahots leun eta argia, malenkoniak jota mugitzen da, eta K.C. McKanziek (banjoa, gitarra, ahotsa), Joe Budi Budinsky lagunarekin batera (baxua, banjoa) sortzen dituen musika paisaietako bidea erakusten du. Aringarririk gabe jotzen dute, euren abestiak erritmo, melodia eta historiaren esentzia bihurtuta.
Prentsak K.C. McKanzie «neotradizionaltzat» jotzen du, folkean eta roots music delakoaren sustrai sakonekin, eta masetatik urruntzen den musika dela azpimarratzen du.
Bere burua 1960ko eta 1970eko hamarkadetako folk ingelesaren eta egungo soinu akustiko amerikarraren arteko tokiren batean kokatzen du gaur Bilbon entzun ahal izango dugun musikari alemaniarrak.