Hautetsiek etxean hartuko dituzte gazte independentistak
Urriko polizia operaziotik ihes egin zuten zortzi gazte independentistek, euren aurkako euroagindua salatzeko astebete Izpuran itxialdian eman ondoren, Kanboko kantaldian parte hartu zuten atzo, eta lanean jarraitzeko asmo irmoa agertu zuten. Ipar Euskal Herriko hamar hautetsik gazteak euren etxeetan hartuko dituztela iragarri zuten. Gasteizen, bestalde, «gazte mugimenduren kriminalizazioaren» aurka deitutako martxa oztopatu zuen Ertzaintzak.
GARA |
Atzo iluntzean Kanbon egin zuten ekitaldian irudikatu zuten gisan, Izpurako (Behe Nafarroa) Faustin Bentaberri aretoan astebeteko itxialdia egin duten zortzi gazte independentistak «ohiko bizitza publikora» itzuli dira.
Aurore Martinen inguruan Ipar Euskal Herrian euroaginduaren aurka osatu den mugimenduak atzorako antolatu zuen Kanboko kantaldian babes zabala jaso zuten zortzi gazteek. Hain zuzen ere, neurri horren ondorioei buruz hitz egin zuten kolektiboa osatzen duten eragileek. Zortzi gazteek eurek ere ekitaldian zuzenean parte hartu zuten, Euskal Herrian gazte mugimenduak bizi duen egoera azalduz eta egun eurek bizi dutenaren berri emanez; astean zehar izan duten babesa eskertu eta euren lan politikoan jarraitzeko prestutasun osoa agertu zuten. Ostiralean gazteei euren babesa emateko prest agertu ziren, eta atzoko ekitaldian gazteok euren etxeetan hartuko dituztela agertu zuten publikoki hamar hautetsik.
Euroaginduari aurre egiteko ekitaldian, hainbat abeslari eta musikari izan ziren atzo gazteei elkartasuna emanez. Tartean Maddi Oihenart, Ken7 taldeko Eñaut Elorrieta, Erramun Martikorena, Etxamendi eta Larralde, Pantxoa eta Peio, Jean Michel Bedaxagar, Michel Etxekopar, Peio Serbielle, Eneko Labegerie eta Kattalin Indaburu.
Astelehenean ekin zioten protestari Beñat Lizeaga, Irati Tobar, Endika Perez, Jazint eta Xalbador Ramirez, Aitziber Plazaola, Bergoi Madernaz eta Aiala Zaldibarrek Izpurako Faustin Bentaberri aretoan; astean zehar babesa eta laguntza emanez atxikimendu ugari jaso dute, eragile politiko, sindikal eta sozialen aldetik.
Debekua Gasteizen
Gasteizen bien bitartean, «gazte mugimenduaren kriminalizazioaren aurka» antolatuta zegoen manifestazioa Auzitegi Nazionalak debekatu eta Er- tzaintzak oztopatu egin zuen. Izpuran izan diren gazteen aldeko martxarik ez daitekeela egin argudiatuz debekatu zuten manifestazioa.
Iluntzeko zazpietan Andre Maria Zuriaren plazan bildu ziren lagunei mehatxu egin zieten ertzainek, hiru minutuan alde egiten ez bazuten euren kontra joko zutela esanez, eta pankarta irekitzen saiatu zirenei borrekin kolpeka eraso zieten. Alde Zaharrean tentsio uneak izan ziren ertzainekin, le- kukoek GARAri esan ziotenez.