patagonia Ezohikoa
Eguraldi egonkorrak makina bat jarduera ekarri ditu
Otsailean zehar izaniko eguraldi baldintza bikainak tarteko, Patagoniako hainbat erpinetan mugimendu handia egon da. Desmochadan, adibidez, pare bat bide berri zabaldu eta beste bat era askean eskalatu dituzte. Fitz Royk eta Guillaumek ere bisitak jaso dituzte.
Andoni ARABAOLAZA I
Alpeetako erreportajean bezala, Patagoniako honetan ere eguraldi egonkorrak protagonismo berezia izan du. Hil honetan oso eguraldi ezohikoa izan dute batez ere Argentinako erpinetan. Eta, jakina, leiho on eta zabal horiei esker, El Chaltenen bildutako eskalatzaile gehienek «opari» hori ondo aprobetxatu dute. Horren guztiaren isla da makina bat jarduera interesgarri egin direla: bide berriak zabaldu eta aurretik irekitako beste batzuk era askean eskalatu dira. Horrekin batera, bide gogor batzuetan oso saio bikainak egin dira, eta beste egun batean emango dugu horien berri.
Honakoan, kronika labur honetan, besteak beste, Desmochada, Mermoz eta Guillaumet orratzetan, Fitz Royn eta El Mochon burutu diren jarduera batzuk aipatuko ditugu.
Eta hasteko, Desmochadara goaz. Izan ere, erpin horrek bisita ugari jaso ditu. Orratzaren hego aurpegian, adibidez, Neil Kauffman eta Josh Wharton estatubatuarrek bederatzi luze berri zabaldu dituzte (7a+ zailtasunera artekoak, eta pare bat A0). «Golden eagle» bidetik hasi ziren, baina jarraian eskuinera jo eta ordura arte eskalatu gabe zegoen marra bat igo zuten. Bidearen goiko aldean, berriz, zeharkaldia egin eta berriro aipatutako «Golden eagle» marratik irten ziren. Zabaldutako luze berri horiei «CoDa» deitu diete.
Bien bitartean, Eli Simon eta Pete Fasoldtek (hauek ere estatubatuarrak dira) marra berria zabaldu dute, baina erpinaren hego-ekialdeko aurpegian. Proposamen berriak artesi sistema bat jarraitzen du, eta guztira hamahiru luze zabaldu zituzten. Arrokaren kalitatea, berriz, bikaina. 600 metro luze da, eta zailtasun gorena 6b-koa. Hala ere, azken luzean pare bat metro A0-n eskalatu behar izan zuten, aurrean zuten artesia izoztuta zegoelako. Alabaina, sokadak dio askoz jota 6b+ izan daitekeela.
Eta Desmochadan egindako azken jarduerak Sean Villanuevaren sinadura dakar. Belgikarrak Cintia Percivati argentinarrarekin batera «Golden eagle» bidea era askean eskalatzea erdietsi du: 7a+, 700 m. Bide hau Alex Huberrek duela bost urte zabaldu zuen.
Matjaz Dusic eta Lvro Vrsnik esloveniarrek Fitz Royko «Mate, porro y todo lo demas» bidearen (6c, 900 m) lehen igoera integrala sinatu dute. Bean Bowers eta Rolando Garibotti zutabearen gailurrera iritsi ziren, baina, esloveniarrek ez bezala, ez zuten mendiaren tontorra zapaldu.
Motibazio handia
Fitz Royko mendilerroan jarraituko dugu, eta beste bi orratzetara egingo dugu salto. Hain zuzen ere, Blake Harrington eta Scott Bennett estatubatuarrek pare bat jarduera bikain poltsikoratu dituzte: bata, Guillaumeten; eta bestea, Mermozen.
Lehena gailur horren mendebaldeko aurpegian egin zuten. Izan ere, sokada horrek «Las venturas» izeneko marra berri bat zabaldu du. Protagonista hauek aurreratu dutenez, marra berriak artesi sistema zabal eta une askotan izoztuta jarraitzen du. 550 metro luze da eta zailtasun teknikoei dagokienez, librean gehienez 6b-ko pasarteak gainditu behar izan zituzten. AO batzuk ere egin behar izan zituzten.
Baina, aurreratu dugun legez, Harrington eta Bennett-ek beste jarduera bat egiteko aukera izan zuten. Oraingo honetan Mermoz orratzean. Eta marra berri bat zabaldu ordez, estatubatuarrek beste bide bati puntu gorria jarri diote.
«Cosas patagonicas» bideari (6b+, 650 m) buruz ari gatzaizkizue. Marra hau zazpi eskalatzailez osatutako espedizio italiar batek zabaldu zuen. Hori 1989. urtean izan zen, eta, horrela bada, 22 urte pasa behar izan dira bide hori guztiz askatu ahal izateko.
Eta Patagoniako jardueren kronika hau Torreko mazizoan bukatuko dugu. El Mochora abiatuko gara, besteak beste, lerrootan aipatu dugun eskalatzaile bat protagonista dugulako. Wharton estatubatuarra Chris Righter-ekin lotu zen soka, eta biek ala biek «Benitiers» bidearen lehen igoera askea lortu dute: 7b, 400 metro. Daniel Anker eta Michel Piolak 1989. urtean zabaldutako bidea da.