GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

EMF-Pyrenaica Ekitaldia

Makina bat saritu eta giro ederra mendizaleen festan

Pasa den ostiralean, Euskal Mendizaletasunaren XV. Gala egin zuten Gasteizen. Ekitaldian Euskal Mendizale Federazioak zein «Pyrenaica»-k sariak banatu zituzten; inoiz baino gehiago, gainera.

p051_f01.jpg

Andoni ARABAOLAZA I

Urtero legez, Euskal Mendizaletasunaren Festak beste ekitaldi bat egin zuen; XV.a hain zuzen ere. Hitzordua pasa den ostiralean izan zen Gasteizen. Aurtengo festa antolatzeko lekukoa Iturribero mendi taldeak hartu zuen. Talde arabarra oso xumea den arren, aitortu behar zaio ekitaldia erabat borobildu zuela. Hots, talde txikia izan arren, festaren norabidea ondo baino hobeto zuzendu zuen. Eta ekitaldian izan ziren guztiek baieztatu zuten hori.

Arratsaldeko zazpietarako den-dena prest zegoen. Lunch goxo bat dastatu ondoren, Crescendo abesbatzari egokitu zitzaion ongietorria ematea. Ohiko aurkezpen ofizialen ondotik, urteroko sari banaketari ekin zioten. Eta hasteko, Euskal Mendizale Federazioak atondutako sariek hartu zuten protagonismoa.

Nerea Amilibiak Mendiko Lasterketen oroigarria jaso zuen. Iñaki Ruiz eta Fernando Rubiok, berriz, Andres Espinosa saria, jarduera alpinistiko onenarengatik.

Angel Sopeña saria, kirol eskaladako jarduera onenari emana, Gorka Karapetok eskuratu zuen. Juanma Sotillosek, bestalde, Antxon Bandres saria jaso zuen, eginiko kolaborazio interesgarrienarengatik. Andres de Regil saria, hots, mendiko eskiko jarduera onenaren saria, Gazteiz Mendi Taldeak jaso zuen. Eta Ibilbidearen saria, Gloria Suarez Ruiz de Erentxunek.

Roca Cordes Muntanyak mendiko jarduerak eta kirolak babesten dituen enpresaren saria eraman zuen. Eta Broker´s-ek Euskal Mendizaletasunaren Adiskideak saria eskuratu zuen. Amaitzeko, sari berri bat banatu zen: Loli Lopez Goñi izena daramana. Hots, emakume mendizalearen saria da, eta hori Edurne Pasabanek eraman zuen.

«Pyrenaica»-ren sariak

Ohi den legez, sari gehiago banatu ziren mendizaletasunaren festan. Hain zuen ere, «Pyrenaica» aldizkariaren XXVIII. ekitaldikoak.

Mendi argazkiko lehiaketaren irabazlea Carlos Mendiavilla izan zen, «Despertando sentidos. Valle del Jerte» bildumarekin. Bigarren saria Jose Antonio Legaristik jaso zuen, «Saltos de agua alaveses» bildumarengatik. Eta hirugarrena Jose Fernandez Varonak aurkeztutako «Negua Aizkorri-Aratz» bildumagatik.

Mendi artikuluen lehiaketak ere bere tartea izan zuen. Jon Ander Iriarte izan da irabazlea, «Corcega, una montaña en el mar» lanarengatik. Bigarren saria Mila Gallastegik eta Asier Aranzabalek jaso zuten «Amarnath Yatra: Kaxmirren Shivaren bideari jarraikiz» artikuluarengatik. Eta hirugarrena Juan Mari Ansak eraman zuen, «Las Malloas» lanarengatik.

Pyrenaicaren Lagunak saria, berriz, Eduardo Martinez de Pisontzat izan zen. Eta 30 urte Pyrenaicarekin izenekoa: Aralar Kirolak, Club Marco Polo eta Roca Mountanya Cordes-entzat.

Sari berririk ere izan zen: Pyrenaicako emakumeen bloga. Itziar Lazurtegik eta Eider Elizegik jaso zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo