GARA > Idatzia > Kirolak

Itsasoa

Olatu eskasa!

Surflari ernegatua I

Iazko azaroaren 6an entzun genuen lehen aldiz olatu artifizial bat egiteko proiektu bat abian zela. «Alderdien legea»-ri esker zinegotzia den Zarauzko kirol arduradunari elkarrizketa egin zioten Euskadi Irratiko «Hiru erregeen mahaia» irratsaioan. Diputazioak eman berri dituen 500.000 euroak lortzeko eman beharreko pausoak zeintzuk izan behar zuten azaltzen saiatu zen politikaria. Jendeari, proiektua beharrezkoa zela erakutsi behar zitzaiola, ikuspuntu turistikotik jendea erakarri eta lanpostuak sortzeko proiektu egokia zela, goi mailako surflariak teknika hobetzeko tresna egoki bat izango zutela, eta onurak, Zarauztik harantzago, Gipuzkoa osorako izango zirela esan zuen. Orain, proiektua bultzatzen duten surflariak behin eta berriz errepikatzen ari diren eslogan berberak.

Hauteskundeak gerturatu ahala jakin dugu albistea, Diputazioak eman du diru laguntza, hainbeste onura ekarriko dituen olatua eraikitzeko. Elkarrizketa hartan iragarritako lehen pausoa eman dute beraz, proiektu pribatu baterako diru publikotik laguntza jasotzea alegia. Lehen ere entzunak ditugu antzerakoak hauteskundeen atarian, 2007ko apirilean Tolosan eta 2008ko uztailean Leioan antzerako proiektuak aurkeztu zizkiguten, baina dirudienez, inor gutxi gogoratzen da bere garaian albiste hauek izan zuten oihartzunaz. Oraingo honetan ordea, bada desberdintasun bat: olatua erakutsi digute, eta ez da gutxi, aurrekoetan agindu zizkiguten olatu kolosal haien aztarnarik ez baita inon ikusi ahal izan.

Lortutako emaitza goraipatzekoa da, olatu bat sortu eta forma on batekin leherraraztea ez baita batere erraza, baina egiari zor, esan beharra dago edozein putzu-zulotan putz eginda, ia tamaina bereko olatuak jaso ditzakegula. Soilik itsasoko urak duen dentsitatea eta bere osagaiak kontuan hartuta (gatza, area, iodoa,...), tamaina bereko itsasoko olatu batek indar handiagoa duela esan daiteke. Igerileku edo zingiretako uretan, dentsitate faltan, taulak errazago hondoratzen dira, eta zailago da ur horietan surf egitea, beraz lehen faktore garrantzitsua, ura alegia, ez da kalitate onekoa. Ogitarteko bat ogi gogorrarekin egitea bezala litzateke.

Surflari profesionalen irudiak erakutsi dizkigute olatuan nola-halako ariketak egiten, eta erakargarria dirudi, baina hori beti gertatzen da surflari profesionalekin, lurrera jaurtitako karkaxa batean ere surf egiteko gai baitira. Kanpotik begiratuta, olatuan surflari on bat ikusten dugunean baldintza egokiak daudela dirudi, baina itsasoratu orduko konturatzen gara zein olatu eskasak dauden (eta zein txarrak garen).

Egun, politikariek eskura dituzten hiru lanabes garrantzitsuenek bat egin dute afera honetan. Lehenik, men egiten duen hiritarra, edozer gauza sinesteko hezi duten hiritar zintzoa. Metro erdiko olatu eskas baten irudia erakutsi eta sekulako olatua ikusi behar duela aginduz gero, txintik atera gabe obedituko duen hiritar modeloa. Modu horretan, metro erdiko olatu batean, metro erdiko olatu bat ikusten dugunoi zokoratu egiten gaituzte.

Bigarren lanabes garrantzitsua politikaz «paso» egiten dutela dioten kirolarien parte-hartzea da. Proiektuak babesa izan dezan ezinbestekoa da kirolarien atxikimendua, norbaitek egin behar baitu politikarien lan zikina. Bere burua munduko hiritar gisa aurkezten diguten surflariak gustura ikusi ditugu beraiek ere sinesten ez duten proiektu bat aurkezten. Tamalgarria!

Eta azkenik, hiritarrak jaso beharreko mezua jaso dezan, komunikabideak erabiltzen dituzte, egungo lanabes ezinbestekoa. Politikarien mezua (edozein delarik ere) zabaltzeko bitartekoetan erreparatzen ez duen munstroa. «El Diario Vasco» egunkariak duen eremu digitalean, esate baterako, honela aurkeztu zuten albistea otsailaren 15ean: «¿Se imaginan poder surfear con olas de tamaño XL y garantizadas durante todo el año?». Eta jarraian, olatu artifizialetako irudiak biltzen dituen bideo bat jarri zuten, albistea osatzeko. Bideo horretako irudiak ordea, ez dira Aizarnazabalgo zingiran sortu dituzten olatuenak, orain hiru urte itxi behar izan zuten (errentagarria ez zelako) Ocean Done igerileku erraldoikoak baizik. No coment!

Iazko urriaren 25ean olatu artifizial desberdinen inguruko erreportaje bat argitaratu genuen GARAn. Bertan munduko leku desberdinetan izan diren saio desberdinak eta lortutako emaitzen inguruan mintzo ginen eta ondorioa garbia zen. Bai hondo artifizialen kasuan, zein igerilekuetan sortutako olatuen kasuan, ez dago munduan errentagarri atera den proiekturik. Olatu artifiziala sortuko duen makina eraikitzea errentagarria izan daitekeela ez dut zalantzan jartzen, baina gainerakoan, saldu dizkiguten onura guztiak (lanpostuak sortu, turismoa bultzatu, eta abar) faltsuak diren zalantza izpirik ez daukat.

Hau ere pasatuko da, proiektua egingo dute, batzuek bere etekinak aterako dituzte... eta errentagarri ez den egunean, inor ez da erantzule izango. Batzuek, gaur dauden politikari postuetan izango ez direlako; besteek, beren lana baino ez zutela egin esan ahal izango dutelako; kirolariek kirolariak baino ez direla esango dute; eta hiritarrok ez gara ezertaz oroituko, ordurako beste proiekturen batean sinetsi behar dugula esango baitigute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo