GARA > Idatzia > Kultura> Ikus-entzun

«Gaztelaniaz eginez gero, ez dakit graziarik edukiko ote genukeen»

p059_f01_148x160.jpg

Anjel ALKAIN I «Finlandia» etb-ko saio berriaren zuzendaria

Anjel Alkain Andoainen jaio zen eta antzerki ikasketak burutu zituen Donostiako Antzerki Eskolan. Interpretazio mundu horretan urte askoan ibili ondoren, ETB1ko «Sorginen Laratza» saioak eman zion gaur egungo fama, eta geroztik telebistan ari da lanean.

M. LARRINAGA |

Anjel Alkainek saio berria estreinatu zuen joan den larunbatean ETB-1en. Oraingoan «Finlandia» izeneko show batekin datorkigu, larunbat gauak umorez betetzeko asmoz. Hala ere, aurretik egindako proiektuak atzean utzi ditu oraingo honetan.

Zergatik jarri diozue «Finlandia» izena, eta ez «Eslovenia», adibidez?

«Finlandia» nire ustez oso hitz polita delako, eta indarra duelako. Bestalde, jendeak hori bera galdetzeko, eta guk «eta zergatik ez?» erantzun ahal izateko.

«Wazemank» saioak zuen formatuaren antza du oraingo «Finlandia» honek?

Ez, ez du zerikusirik. «Wazemank» saioa esketxez osatzen zen, eta txoko honetan, kolaboratzaileak eta bideoak izango dira ardatz, elkarrizketatuekin jolas egingo dugu eta esketxen bat edo beste ere tartean izango da. Gainera, musika ere izango dugu programa bukaeran.

Jon Iraola PSP, Wii eta halakoekin etorriko zaigu gonbidatuarekin jolastera, Mikel Pagadizabal bere pagadikeriekin etorriko da, Patxi mekanikoa ere agertuko zaigu noizean behin eta elkarrizketan fikziozko pertsonaiak tartekatuko dira. Show bat da programa eta bertan pertsonaia batzuk sartuko dira.

Elkarrizketak, beraz, ez dira serioski hartzeko modukoak izango?

Ez, ez. Elkarrizketak solasaldiak izan daitezen saiatuko gara, gonbidatuarekin jolas egiten, hori da asmoa. Etorriko diren gonbidatuak gurekin jolas egiteko prest daudenak izango dira, denak euskal mundukoak.

Aspalditik daramazu umore munduan lanean. Zergatik beti umore mundu hori, ez duzu gauzak kontatzeko beste modurik ezagutzen?

Bai, noski. Nire bizitza pribatuan gauzak beste modu batean kontatzen ditut. Lanean umorearen munduan ari naiz orain dela urte batzuk, hala suertatu delako eta une honetan gehien gustatzen zaidan modua hori delako. Gainera, talde oso potentea egin genuen orain dela urte batzuk, eta oso ondo pasatzen dugu umorea egiten.

Koadrila antzeko bat egin dugu. Egiten genuenak grazia egiten zigula konturatu zen jendea, eta hori transmititzea oso garrantzitsua da jendeak barre egiteko, eta hori behintzat lortu dugu.

Ez zaituzte beste mota bateko programek erakartzen?

Oraingoz ez. Umorea tartean daukaten saioak ditut orain buruan. Jai egiteak bezala erakartzen naute.

Saioa larunbat gauean izatea arriskutsua al da?

Larunbat gauerako programa bat egiteko eskatu zigun etxeak, eta hori kontuan edukita aukeratu ditugu edukiak. Saioa ostegun gauean, 23.30ean, izango balitz, beste eduki batzuk ukituko genituzke. Programa familiar bat eskaintzen saiatzen ari gara, gazteentzat, familientzat eta jende helduarentzat. Euskaraz derrigorrez horrela egin beharra dago, larunbat gauetan behintzat, eta arrakasta izan nahi badugu.

Euskaraz egitea beste zailtasun bat dela uste al duzu?

Ez, ez dut uste, guretzat abantaila bat dela uste dut. Gaztelaniaz egingo bagenu, ez dakit graziarik edukiko ote genuen, ziurrenik gutxiago. Ingelesez egingo bagenu, agian gehiago.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo