GARA > Idatzia > Euskal Herria

Urchueguiaren auziaz galdetu diote Lopezi

PSEk eta EAJk ustelkeriaz aritzea leporatu zion batak besteari, bakoitzak bere ekitaldian. EAJko Iñigo Urkulluk nabarmendu zituen bere alderdiak «Miñano auziaren» aurrean izan duen «gardentasuna eta etika», eta PSEri eskatu zion Ana Urchueguiari buruzko informazioa argitzeko.
p015_f0272343.jpg

GARA |

Maiatzeko hauteskundeei begira, asteburuan hainbat ekitaldi egin dituzte alderdi politikoek Euskal Herrian. Atzokoan, PSEk Donostiako Kursaal jauregia aukeratu zuen, eta Patxi Lopez lehendakariak alderdiaren hautagaiak aurkeztu zituen bertan. Bien bitartean, Gasteizen, Xabier Agirre Arabako Aldundirako hautagaia aurkezteko ekitaldia egin zuen EAJk. Bakoitzak bere hautagaiak ezagutzera emateaz gain, PSEk eta EAJk elkarri leporatu zioten erakundeetan ustelkeriaz aritu izana.

EAJko hainbat militante inputaturik dauden ustelkeria eta espioitza kasua ahotan hartuz, bere alderdiaren «gardentasuna eta etika» nabarmendu nahi izan zituen EAJko lehendakari Iñigo Urkulluk. Gainera, PSEri eta PPri eskatu zien «irakasgairik» ez emateko, «Estatu espainoleko hainbat lekutan euren zerrendetan ustelkeriagatik inputatuak dituztelako».

Hala, EAJren «errugabetasun presuntzioa» ez dutela errespetatu salatu zuen, eta horren ondotik, Patxi Lopezi «azalpenak» eskatu zizkion, Gasteizko Gobernuak Txilen eta Perun ordezkari gisa duen Ana Urchueguiari buruz egunotan zabaldu den informazioaren harira. Hain zuzen ere, Grupo Noticias-eko egunkariek Lasarte-Oriako alkate ohiaren jardunean izan daitezkeen irregulartasunak aireratu dituzte, Urchueguiak Somoton jabetzan izan ditzakeen hainbat ondasun (etxeak edo lursailak) seinalatuz.

Ana Urchueguia Nikaraguan

Lasarteko Udalean abian dago ikerketa, Ana Urchuegiak Somotora (Nikaragua) «kooperazio laguntzetan» ustez egin zituen diru bidalketak legezkoak ote diren argitzeko. Somotoren eta Lasarteren artean Oficina de Hermanamiento de Lasarte Oria/Somoto (OHLOS) sortu zuten laguntzak kudeatzeko, eta Lasarteko Udaletik urtean 30.000 eta 40.000 euro artean bidaltzen ziren; Asodecom eta Somotoko Alkatetzen artean banatzen ziren «laguntzak».

Hala ere, udal horretako Ion Murua kontu-hartzaileak OHLOS erakundea ez dela «legala» adierazi zuen egindako txosten batean. Orduan behintzat, Somotoko Marcio Rivasek eta Ana Urchueguiak bikote harremana zuten.

Orain Noticias Taldeko egunkariek atera dutenez, Urchueguiak Somoton milioi bat metro karratuko finka bat du. Lursail hori, baina, Asodecom erakundeak eskuratu zuen, eta ondoren alkate ohiak bereganatu.

Urchueguiak beste lau jabetza ere badituela ziurtatu dute, 2002 eta 2008 urteen artean erositakoak; Lasartetik Somotora laguntza bidaltzen aritu ziren urteekin bat egiten du denbora tarte horrek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo