GARA > Idatzia > Ekonomia

«Gizartearen eraldaketaren barruan kokatu behar dira Basherri taldeak»

Zer jaten dugu? Eta nork ekoizten du jaten duguna? Badago jendea jaki osasuntsu eta lekuko nekazariek ekoizturikoa jan nahi duena. Edozein txokotan dauden denda handiak atzean utzita, kontsumitzaileak eta baserritarrak elkartzen dituzten Basherri izeneko taldeak ugarituz doaz gure herrian.

p024_f01.jpg

Amaia ZURUTUZA I

Asko eta askorentzat jaten ditugun elikagaien kalitatea kontu garrantzitsua da. Elikagaiak ekoizten dituzten gizon eta emaku- meak ere, baserritarrak alegia, garrantzitsuak dira askorentzat. Horiexek dira Basherri taldeetako kide direnen kezka eta interes nagusiak. Basherri deituriko kontsumo taldeak ugaritu egin dira azken urtean gure herrian, eta horien atzean zer dagoen ezagutzeko Pedro Alberdi EHNE sindikatuko kidearekin hitz egin du GARAk. Hala, hauxe litzateke, funtsean, Basherri talde bat: hogei bat lagunek elkartzea, taldea osatzea eta baserritar batekin harremanetan jartzea erabakitzen dute. Ondoren, baserritarrarekin barazki eta beste hainbat produkturen zerrenda osatzen dute, garaian garaiko produktuak aintzat hartuz. Azkenik, astean behin plazan edo guneren batean elkartu, eta baserriko produktuz beteriko saskia edo otarra eramaten dute etxera kontsumitzaileek, hileroko kuota baten truke.

Alberdiren ustez, hasieran aipaturiko bi elementuen ondorioz sortu dira taldeok. «EHNE eta Biolur ohartu gara herritar batzuengan behintzat badagoela jaten dugunaren inguruko kezka bat», eta bestalde, «baserritarrak desagertzen ari direla ere ikusten du jendeak», dio. Hala, beste hainbat faktorez gain, batez ere etxean elikagai osasuntsuak izateko nahiz nekazaritzara gerturatu eta baserritarrei bizirauten laguntzeko gogoak sortu ditu kontsumo talde hauek, Alberdiren esanetan.

Hain justu, EHNEk eta Biolur nekazaritza ekologikoaren aldeko elkarteak antolatuta, pasa den ostiral eta larunbatean Gipuzkoako Basherri taldeen topaketak burutu dituzte baserritar eta kontsumitzaileek Usurbilen. Izan ere, salmenta zuzena oinarri duen salerosketa modu honetan harremana elementu zentrala da. «Sistema oso xumea da, ahal den xumeena egiten saiatzen gara. Behar den lehenengo gauza talde bat da, kontsumitzaile talde bat. Ondoren, talde hori baserritarrarekin harremanetan jartzen da eta astean behineko otar sistema antolatzen da», azaldu du Alberdik.

Taldea izan behar dela azpimarratzen du, ez dela banakako ekimena. EHNEko kidearen hitzetan, «gizartea dena indibidualki egitera ohitu da, norbera bere etxean, bere diruarekin, inorekin hitz egin gabe, eta guk horri buelta eman nahi diogu. Elkarlana falta dela ikusten dugu, herri lana, eta horregatik ematen diogu garrantzia ekimen kolektiboa izateari». Ildo horretatik, kontsumitzai- le taldea baserritarrarekin harremanetan jarri ostean, denen artean zein produktu nahi dituzten adosten dute, baita banaketa non eta nola egingo duten ere.

Lehenik, beraz, taldearen eta baserritarraren arteko harremana sortu behar da. Horretarako, taldeko kideak baserrira bertara joaten dira, baserritarra ezagutu eta jasoko dituzten elikagaiak non ekoiztuko dituzten ikustera. Hartu-eman hori, etetetik urrun, sendotu egiten da. Izan ere, bilera dinamika bat jartzen dute martxan bi aldeek. Hala, hilean behin guztiak elkartu eta hizketarako tartea izaten dute. Modu horretan, besteak beste, baserritarrak uztaren berri ematen die kontsumitzaileei, baita ondorengo hilabeteetan zer ekoitz dezakeen azaldu ere.

Normalean barazkiekin osatzen da oinarrizko saskia, beste produktu batzuekin ere osatu badaiteke ere. Saskiaren egonkortasuna lortzeko, produktuak aurretik planifikatzen dira, lehenengo zer landatuko den erabakitzen da, eta lortzen den uzta taldeko kideen artean banatzen da. Neurri bakarrekoa izaten da saskia, hainbat neurrikoak egin beharrak lana bikoiztuko bailioke baserritarrari. Hala, asteroko otarra lau bat pertsona heldurentzat egokia izanik, bi bikotek otarra erdibana hartzea ere ados lezakete.

EHNE sindikatuaren arabera, momentu honetan gisa honetako 30 bat talde daude Gipuzkoan, eta 500 bat familia elikatzen dira asteroko saskien bidez. Hogei lagun ingururentzako janaria ekoitz dezake baserritar batek. Nortzuk edo nolakoak dira baina kontsumitzaile nahiz baserritar hauek? Alberdik azaldu digunez, «denetarik» dago. Jakinarazi digu Gipuzkoan, esaterako, baserritarren batez besteko adina 59 urtekoa dela. Ondorioz, asko jada erretiroan pentsatzen ari dira eta hori muga izan daiteke proiektu eta funtzionamendu berri batean murgiltzeko. Baina denetarik dago, hala ere. Hori bai, talde hauetan sartuta dauden asko gazteak eta berriak dira. Azken urtean taldeok izan duten gorakadarekin, esaterako, hamabi bat baserritar berri hasi dira lanean.

Basherri taldeei esker, gainera, baserritarrek euren produktuak baloratuak direla sentitzen dute, «horretarako ere balio dute taldeek», azaldu digu Alberdik. Izan ere, euren produktuak ez daudela baloratuak sentitu ohi dute baserritarrek. Zentzu honetan, azkenaldian indartzen saiatzen ari badira ere, orokorrean, baserritarrentzat urteetan zehar salmenta zuzena gorpuztu duten azokek beheranzko joera hartu dute. Are eta gehiago, EHNEko kideak baieztatu duenez, «bada azokara joan eta tratua egin nahian ibiltzen den jendea ere».

Egoera honen aurrean, Basherri taldeetan dauden baserritarrak «oso gustura» daude. Gertutasuna da asko estimatzen duten gauzetako bat. Alberdik dioen moduan, «jendea baserrira joatea, astean behin kontsumitzaileekin izaten duten hitzordua, gertutasun horrek erosleei gauzak azaltzeko ematen dien aukera, guzti horrekin jendeak beraien lana baloratzen duela ikusten dute».

Era berean, asteroko saski hauen bidez baserritarrak egonkortasuna lortzen du. Baserritar berriak egon daitezen egonkortasuna behar dutela dio Alberdik. Izan ere, azken urteetan are eta gehiago, egoera gogorra bizi dute baserritarrek, ekoizten dituzten jakien salerosketari dagokionean. Hala, azoken egoera gorabeheratsua denez, talde finko bat izateak egonkortasuna ematen dio baserritarrari.

Beste aldean ere denetarik dago. Kontsumitzaile gehienak, halere, 30 urtetik gorakoak dira. 30 eta 60 urte artean kokatzen dira, eta horietako asko 30 eta 40 urte bitartekoak dira. Familiak, nahiz umeren bat duten bikoteak daude batez ere. Osasunaren inguruko kezka nahiz interesa dute gehienek, gizarte ereduaren ingurukoa beste askok.

Aurkezpen bilerak

Nola ematen da baina lehen pausoa? Alberdik azaldu digunez, EHNEren kasuan, jende batek lehenik sindikatura jotzen du halako talde bateko kide izateko interesa duela esanez. Nongoa den ikusten dute orduan, eta ea dagoeneko inguru horretan talderik martxan den. Askotan taldeak beteta egoten dira ordea, aitortu digunez, eta orduan, itxarote zerrendak osatzen dituzte. Zerrenda luzea osatzen denean, talde berri bat sortzen saiatzen dira. Halaxe azaldu digu Alberdik: «Laster Aian dugu bilera bat, pertsona batzuk interesa dutela esanez deitu digutelako. Hara joan eta aurkezpena egingo dugu lehenik, talde hauen filosofia eta funtzionamendua esplikatzeko. Taldea osatzen bada, beste bilera bat deitzen dugu taldea martxan jartzeko».

Hurrengo pausoa baserritarra bilatzea da eta horretan ere laguntzen du sindikatuak. Taldeak baserritarrari bisita egiten dio jarraian, eta bai ekoizpena, bai banaketa antolatzeari ekiten diote denen artean.

Alberdik argitzen digu badirela hiruzpalau baserritarrekin lan egiten duten talde batzuk. Izan ere, oinarrizko saskia barazkiz osatuta egon arren, beste produktu batzuk gehitzeko aukera ere izan dezake kontsumitzaileak. Arrautzak, ogia, haragia edo gazta, esaterako, tarteka baita sagardoa edo intxaurrak ere. Baserritar batek produktu guztiak ez baditu, ondoko baserritarrarengana jo daiteke, eta denen artean saskiaren osaketa antolatu.

Azken lekuan banaketa dago, astean behin egiten dena. «Guri plazan egitea gustatzen zaigu, jendearen aurrean, gauza irekia izatea nahi dugu», azaldu du Alberdik. Tolosan esaterako, talde bat zegoen lehen, eta jendeak saskien banaketa ikusi eta ikusi ahala, azkenean bigarren taldea sortu zen.

Basherri talde bateko kide izan nahi dutenek basherriak@gmail.com helbidera idatzi edo 615 76 70 86 telefonora deitu dezakete. Era berean, http://basherri.wordpress.com helbidean talde hauei buruzko informazioa biltzen da.

Lurra behar da

Eredu honetan oztopo nagusi bat dago, zoritxarrez: lurra, edo hobeto esanda lurraren kudeaketa. EHNE sindikatuak baieztatzen duenez, baserritarrak egon badaude, baita baserritarrak izan nahi baina lurrik ez dutenak ere. Lurra ere egon badago, oraingoz behintzat, Alberdik ironiaz dioen moduan «oraindik ez baikara dena zementuz tapatzeko kapaz izan!». Lurrik onenak hala ere, aberats eta emankorrenak, industriak hartu dituela dio, etxebizitzak, industrialdeak, autobideak nahiz, esaterako, AHT eraikitzeko.

Egia da, hala ere, Alberdik aitortzen duenez, azken urteetan baserritarrak desagertzen ari direla. Hala, esku pribatuetan daude lurrak, baserritarren eskuetan, «erdi abandonatuta asko». Espekulazioaren mamua gertu dago, gainera. Izan ere, baserritar askok ez dituzte lurrak utzi nahi, aurrerago bertatik, esaterako, autobide bat pasatuko balitz, lurraren balioa handituko litzateke-eta.

Irtenbideak badaude, hala ere. Bata, lurralde antolaketa baten barruan lur publikoak erostea litzateke. Gobernuek, ordea, halako planteamendurik ez dutela egin nahi baieztatzen du EHNEko kideak, ez dutela lurraren zati bat azpiegituretara bideratu eta beste bat nekazaritzarako gorde nahi. «Azpiegiturak beti ari dira zabaltzen, ez dago mugarik, eta horrek espekulazioa sortzen du», azaltzen du. «Egoera hori hautsi behar da, eta horretarako gobernuek nekazaritzari garrantzia eman behar diote, baina gaur egun nekazaritza azkenekoa da », dio penaz.

Beste maila batean, Alberdiren iritziz, baserritarrekin hitz egin behar da, «beraien beharra dagoela azaldu behar diegu eta baserriak dituztenei faborez martxan jar ditzatela eskatu, gehienbat barazkiak ekoizteko, jende askok eskatzen baititu».

Mundu mailako mugimendua

Ostiral eta larunbatean Gipuzkoako topaketak izan ziren. Hala ere, Euskal Herriko gainerako eremuetan ere gisa honetako taldeak martxan dira, bai Bizkaian, bai Araban eta bai Nafarroan. Ipar Euskal Herriaren kasuan, aspalditik daude halako taldeak eta jende asko dago murgilduta. Hain zuzen, Ipar Euskal Herriko AMAP taldeetako kideak Usurbilen izan ziren larunbatean, gipuzkoarrei euren filosofia eta antolaketa eredua azaltzeko.

Azken batean, «mundu mailako gauza bat da hau», dio Alberdik. Japonian hasi omen ziren orain 20 bat urte halako taldeak sortzen. «Japonia hain industriala izanda, jendeak produktu osasungarriak faltan botatzen zituen, eta itxura denez, baserritarren- gana jo zuten janari garbia ekoitz zezaten eskatu eta eurek erosiko zietela esanez». Ondoren Ameriketako Estatu Batuetan ere talde mordoa sortu zen CSA Community-supported agriculture delako egituraren barruan. Europan, Italian indarra lortu zuen ekimenak eta gaur egun Euskal Herrian ere sendo doa aurrera.

Mundu mailakoa da beraz mugimendu hau, eta Alberdiren iritziz, alternatiba bat: «Gizartearen eraldaketaren barruan kokatu behar dira talde hauek, ez da gauza bitxi bat, jendeak benetan gizarte eredu berri bat nahi du, alternatiba bat».

Mugimendua dela islatzeko, topaketak usurbilen

Pasa den ostiral eta larunbatean Usurbilen bildu dira Gipuzkoako Basherri taldeetan parte hartzen ari diren kontsumitzaileak eta baserritarrak, EHNE sindikatuak eta Biolur elkarteak deituta. Pedro Alberdi EHNEko kidearen hitzetan, «talde bakoitza autonomoa da eta bere ibilbidea egiten du, baina aldamenean beste talde bat dagoela jakitea garrantzitsua da, baita esperientziak elkar trukatzea ere, azken batean, mugimendu bat da hau dena».

Hala, ostiralean baserritarrek alde bakarreko bilera egin zuten, eta beren produktuen prezioa finkatzeko metodologiaz eta horren barne dagoen diskurtsoaz hausnartu zuten. Era berean, orain arteko Basherri taldeen ibilbideaz eta esperientziaz iritziak elkar trukatu zituzten. Larunbatean berriz, kontsumitzaileek ere hitzordua izan zuten Usurbilen, baserritarrekin batera. Modu honetan, taldeek elkarren berri izateko aukera izan zuten. Ipar Euskal Herriko AMAP taldeetako kideen bisita ere jaso zuten Usurbilen.

Usurbilen, hain justu, kontsumo talde «oso dinamikoa» dago, Alberdiren esanetan. Basherri talde bat osatzeaz gain, ikastaro eta ekimen ugari egiten dituzte. Zentzu horretan, topaketak Usurbilen egin nahi izan dituzte, besteak beste, «orain Zubietan egiten ari diren errauskailuaren aurrean herritarrei babesa erakusteko». A. Z.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo