GARA > Idatzia > Euskal Herria

Izurtzako galdeketan, hiri plangintzari buruzko iritzia eman du herritarren erdiak

Izurtzako udal gobernuak herriaren garapen plangintza zehazten lagunduko duen galdeketa jarri zuen martxan atzo, eta lehenengo saioan 102 herritarrek parte hartu zuten, boto-emaileen %40,8. Gaurtik asteazkenera, boto gehiago jasoko dituzte udal bulegoetan.

p018_f02.jpg

Nerea GOTI |

Izurtzan, hirigintza plana berrikusten hasi zirenetik, herritarrek beren herrirako zer-nolako garapena nahi duten azaltzeko aukera zabala izan dute hainbat batzarretan, adituen taldearekin batera. Orain, lau gairen inguruan iritzia emateko aukera dute herri galdeketa batean, eta atzo, lehenengo deialdian, botoa emateko aukera duten 250 herritarretatik 102k parte hartu zuten.

Lorea Muñoz alkatea pozik agertu zen parte-hartzearekin eta herritarren aldetik izandako harrerarekin.

Besteak beste, erdialdea antolatzeko eraz, lurzoru publiko zein pribatuan eraiki beharreko etxebizitza kopuruaz, aisialdirako parke berriaz eta gainerako ekipamenduaz eman dezakete iritzia izurtzarrek, lau galderei erantzunez, horretarako dauden aukeren artean zein hobesten duten erabakiz.

Hauteslekua, udal bilkura aretoan, goizeko hamaiketan zabaldu zuten, eta zazpietan itxi. Arrastiko lehen ordurako jasoak zituzten 84 herritarren botoak, eta Lorea Muñoz udal gobernuko burua pozik agertu zen parte-hartzearekin.

Mahaian, udal idazkaria zegoen, eta Udalbatza osatzen duten bi talde politikoek -gobernu ardurak dituen ezker abertzalea eta EAJ- ordezkari bana izateko aukera izan zuten.

Boto-emaileei dagokienez, Izurtzan urtarrilaren 1ean erroldatuta dauden 16 urtetik gorakoak eta azken hamar urteetan gutxienez bost urte jarraian erroldatuta egon diren 16 urtetik gorakoak hartu ditu kontuan Udalak. Azaldutakoaren arabera, baldintza horien barruan erroldatutakoen zerrendak eskatu dizkio Aldundiari galdeketa deialdiari begira.

Udaletxean botoa ematen zuten bitartean, kanpoan txitxi-burruntziaren tradizioa mantenduz, sagardoa eta txistorra dastatzea izan zuten eguerdian, berezitasun batekin: galdeketan parte hartu zuenak doan ahoratu zituen sagardoa eta txorizoa, eta Izurtzako armarriarekin apaindutako edalontzia eskuratzeko aukera izan zuen.

Hautestontzia udaletxeko bulegoetan izango dute gaur, bihar eta etzi 11.30etik 15.00etara. Emaitzak ostegun arratsalderako edota ostiral goizerako izango dituztela iragarri dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo