Josebe EGIA
Zinemaren mugak
Zinema irudikatzeko, egunerokotik ihes egiteko, dibertitzeko, ikuspegiak zabaltzeko, emozio-iturri... Era askotara bizi daiteke, norberaren behar edo unean uneko gogoaren arabera, hain zuzen horrek eramaten baikaitu film bat ala beste aukeratzera, mota batekoa ala bestekoa kontsumitzera. Hala ere, film orotan badago beti aurkituko dugun osagai bat: pertsonaiak.
Istorioa sostengatzen duten pertsonaiak; gertakarien eta sentimenduen berri haien bidez izaten dugu, euren ikuspuntua eta jokabidea jasotzen dugu, eta partekatu ala ez egiten ditugu. Maite ditugu, edo gorrotatu, agian hotz utz gaitzakete, miretsi ere egin ditzakegu, eta tarteka, gure barnean eraman ere luzaroan. Pertsonaiak film guztietan, direla amerikarrak, direla Iran edo Txinakoak. Zinema bestelako kulturak ezagutzeko tresna gisa, bestelako egoera sozial eta pertsonalak, eta horren guztiaren arabera, bestelako amets eta itxaropenak izan ditzaketen pertsonen existentziaz ohartzeko bidea. Mundua gure zilborretik harago ere badagoela gogorarazteko, eta etengabe bilakatu eta aldatu egiten dela ikusarazteko baliabidea.
Hala izan edo balia daitekeela ikusirik, deigarria egiten zait zelan iraunarazten diren zineman estereotipoak, hain justu pertsonaien bitartez, hamarkadaz hamarkada, mundua eta herriak geldirik baleude bezala. Eta estereotipo horien barnean, bereziki emakumeei dagozkienak. Behin eta berriro errepikatuta pertsonaia-mota bera, filmean ematen zaien rol bera, hasi emakume gazte, sexy eta txolinetik eta ama on, eskuzabal, jasankor eta tolesdurarik gabekora, deabrua baino gaiztoagoa den sorgina ahaztu barik. Tartean, aukera gutxi, pertsonaia-aberastasun urria. Izan ere, zenbatetan izaten dira benetako protagonista, istorioaren ardatz? Zenbatetan uzten zaie, pertsonaia maskulinoen laguntzaile izaeratik at, leku propioa, garapen aukerarik? Egon badaude halako filmak; bilatu eta topatu egin behar, ordea, ez baita masan kontsumitzen ditugun film horien kasua, sekulako promozioa, banaketa, irismena eskaintzen zaienena, aldizkariak eta zinemak betetzen dituztenena. Horietan, jendearen gehiengoaren eskuetara iristen direnetan, betiko estereotipoak aurkitzen jarraitzen dugu, bere horretan, ia zipitzik aldatu barik. Bestelakorik hedatzea ez dago negozio honetako konpainia handien interesen artean, lehengo ereduak direla baliotsuenak iritzita, antza. Emakumeak, zinemaren bidez, hainbeste irentsi eta barneratu ditugunak, eta agian kontziente izan barik, behin eta berriz errepikatzen ditugunak.
Gai honen inguruan beti datorkit burura Ken Loachek esan ohi duen zerbait: pobreei buruzko film bat eginez gero, zinema soziala dela esaten da; aberatsen gainekoa baldin bara, aldiz, zinema kostunbrista egiten ari gara. Emakumeek zuzendutako edo emakumea protagonista duten filmetan gauza bera gertatzen da, «emakumeen zinema» etiketa jartzen zaiela, zinemaz, besterik gabe, hitz egin ordez. Argi eta garbi erakutsita zineman, oro har, gizonezkoek dutela oraindik ere leku nagusia, protagonismoa. Errealitatearen isla zuzena, jakina.