GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora I Urrezko lehiaketako finala

60 ontzakoak erabaki du auzia

Azurmendik eta Atutxak azken-aurreko proban 40 segundoko aldea atera zuten, eta txapela ia erabakita utzi zuten.

p043_f01-1.jpg

Jon LEUNDA I

Iñaki Azurmendik eta Aitzol Atutxak irabazi zuten atzo Azpeitian Urrezko Aizkorako Binakako Txapelketa, Arrospide-Mugertza II.a menderatuta. Azken finaletako girorik onena izan zen Izarraitz pilotalekuan. 600 ikusle inguru batu ziren harmailetan, eta ez zen animo faltarik izan.

Aizkolariek sei proba egin behar zituzten. Hasteko, 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu neurtu ziren. Ondoren, zutik jarrita, 60 ontzakoa erdibitu behar izan zuten. Hirugarren lanean, erlojuz kontra bi 45 ontzako moztu behar izan zituzten. Laugarrengoan, 45 ontzako bat zutik jarrita, eta ondoren etzanda jarrita izan zuten. Bosgarrengoan, bi 60 ontzako moztu behar zituzten, bakoitzak bana, eta azkenik, txanda librean, lau kana-erdiko, bi 60 0ntzako eta beste horrenbeste oinbiko.

Kolpekako saiotik erakutsi nahi izan zuten Azurmendik eta Atutxak beraiek zirela nagusi, eta lehen proban garaile atera ziren, 45 ontzakoa 35 kolpetan erdibitu baitzuten, lau kolperen aldea kenduz. Arrospidek eta Mugertzak, ordea, bigarren lanean, tarte hori berdindu egin zuten, 60 ontzakoa zutik jarrita 2 minutu eta 36 segundoan bota baitzuten, lau segundoren tartea kenduz.

Hirugarren lana berdinduta hasi zuten, baina txapela jantzi zuen bikoak sei segundoko tartea lortu zuen, bi 45 ontzako 2 minutu eta 10 segundoan moztuta. Laugarrengoan, ordea, segundo batean murriztu zuten aldea Arrospidek eta Mugertzak, 45 ontzako bat zutik eta bestea etzanda jarrita 2 minutu eta 25 segundoan moztu baitzituzten. Bosgarren lana hasi aurretik, Atutxak eta Azurmendik bost segundoko tartea zuten alde, baina hortxe amaitu zen emozioa.

Bosgarren lanean bi 60 ontzako moztu behar zituzten, eta dena erabakita geratu zen. 4 minutu eta 39 segundoan moztu zituzten txapeldunek, eta 5 minutu eta 20 segundoan, berriz, Leaburukoak eta Mutrikukoak.

Iraupen probara Arriarangoa eta Dimakoa alde handiarekin heldu ziren, eta aurkariak nahikoa etsita ikusi ziren, batez ere Arrospide. Hor, lehengo aldea gehitu egin zuten txapeldunek, azkeneko proba hau hasieratik bukaerara mendean izan baitzuten, eta lana 16 minutu eta 49 segundoan amaitu zuten, eta 18 minutu eta 13 segundoan, berriz, bikote gipuzkoarrak. Lan guztiak amaitzeko, berriz, 29 minutu eta 19 segundo behar izan zituzten Azurmendik eta Atutxak, eta 31 minutu eta 19 segundo, Arrospidek eta Mugertza II.ak. Binakako maila nagusian Atutxak hirugarren aldiz jantzi zuen txapela -aurreko bietan Larretxea izan zuen lagun-, eta Iñaki Azurmendiri dagokionez, berriz, lehen aldiz lortu zuen garaipena.

Otañok eta Zabaletak ez zieten aurkariei inongo aukerarik eman

Eneko Otañok eta Mikel Zabaletak ez zieten Eloy Kortxerori eta Iker Vicenteri inongo aukerarik utzi, eta oso erraz lortu zuten Gazte Mailako Txapela. Beizamakoa eta Leitzakoa proba guztietan izan ziren nagusi.

Berez, Eneko Saralegik jokatu behar zuen final honetan, baina ebakuntza egin berria dago leitzar gaztea, eta Kortxero izan zen haren ordez. Abiadura proban 45 ontzakoa moztu behar izan zuten, eta garaileek 59 segundoan bota zuten, eta 16 segundo kendu zizkien aurkariei, eta hor hasi ziren aldeak egiten.

Ondorengo bi probetan ere tartea handitu egin zuten. Iraupen proban, hiru kana-erdiko moztu behar zituzten, eta hor ere erraz nagusitu ziren. Denetara, 11 minutu eta 15 segundo behar izan zituzten Otaño-Zabaletak, eta 12.41, berriz, Kortxerok eta Vicente II.ak. J.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo