GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Berezkoen Buruz Buruko finala

Waltari menderatzea ezinezkoa da

Kurutxarik partida handia egin zuen, baina kubatarrak egunik onena izan ez bazuen ere, nahiko eroso eutsi zion txapelari.

p044_f01.jpg

WALTARI 40
KURUTXARI 28

Jon LEUNDA I

Agusti Waltarik bere laugarren txapela jantzi zuen Buruz Burukoan. Aurreko hirurak Baionan, Moderne trinketean, eta hiruretan Paxkal Ezkurra aurrez aurre zuela lortu zituen, baina atzo Donibane Garazin gauza bera egin zuen, Andde Kurutxari zuela aurrez aurre.

Buruz Burukoan lanik gehien egin behar izan duen finala izan zuen atzokoa pilotari kubatarrak. Aurrekariak oso nabarmenak ziren bere alde. Finalerdietako ligaxkan atzoko bi finalistek elkarren aurka jokatu zuten, eta orduan amerikarrak 15ean utzi zuen euskalduna, eta bazirudien finalean ere dena erraz joango zela.

Baina ez zen horrela izan. Waltari mendean hartzeko gakoetako bat errestoan ongi aritzea da, eta bigarrena, jokoa moteltzea, izan ere Agustik abiadura bizian jokatzen baitu, partidari erritmo handia emanez, baina gauzak motel doazenean sufritu egiten du, eta horrelaxe gertatu zen atzoko finalean.

Kurutxarik ikasgaia ederki ikasita ekarri zuen, eta partida patxadaz hasi zuen. 0-5 aitzineratu zen, denen ustekaberako, eta Waltari lekuz kanpo ikusten zen. Sakea ateratzerakoan, gainera, oso lasai aritu zen, dena motel, patxadaz eginez, eta horrek bere onetik atera zuen amerikarra.

Nafarroa Beherekoa, berriz, oso ongi aritu zen, eta zortzigarren kintzea egin bitartean oso ongi eutsi zion, markagailuan aitzinetik arituz. Egungo txapeldunak, ordea, sekulako maila dauka, eta bera ongi aritu ez arren, aurkaria dena ongi egitera behartzen du, kalitatea sekulakoa baitu, eta aurkariaren hutsik txikiena ere baliatzen du kintzea bere alde egiteko, eta horrelaxe aritu zen atzoko lehen tantoetan, neurketa zortzigarren tantoan berdindu zuen arte.

Behin gauzak orekatu zirenena, bazirudien berak behar zuen lasaitasuna eta konfiantza hartu eta dena erraz joango zela, baina ez zen horrela izan. Sakearekin ez zuen asmatzen, eta Kurutxarik hantxe jarraitzen zuen, erabat egoskortuta bere lana egin eta aurkariari ahalik eta trabarik gehien jartzen.

Azkeneko hamabost kintzetan, ordea, gauzak aldatzen hasi ziren. Anddek ordura arte dena ongi egin zuen, baina nekea agertu zitzaion, sekulakoa izan baitzen egin beharreko lana, eta hortik aurrera aritu zen bere saltsan Waltari. Sakearekin bere etekina ateratzen hasi zen, eta azkeneko hamar kintzeetatik bost saketik egin zituen, eta ez zion beste aukerarik eman Kurutxariri, eta amaieran berak jantzi zuen txapela, laugarrena.

Kubatarrak berriro ere garbi utzi zuen une honetan gainerakoak baino koska bat gorago dagoela, eta egunik onena ez duenean ere berari irabaztea oso zaila dela ikusi zen. Kurutxarik, berriz, ezer gutxi gehiago egin zezakeen, indarrak lagundu zion bitartean ia dena ongi egin baitzuen, baina nekearekin batera partidatik desagertzen joan zen, baina horren errurik handiena aurkariak izan zuen, ez baitzion aukerarik eman. Dena dela Kurutxari egindakoarekin oso konforme geratu zen, nahiz eta bigarren finala ere ezin izan zuen irabazi.

Intxauspe eta Jannots bigarren fasetik oso gertu jarri dira

Atzoko finalaren aitzinetik Binakako Txapelketako bigarren faseko partida ere jokatu zen, eta bertan Intxauspek eta Jannnotsek 40 eta 28 hartu zituzten mendean Ezkurra I.a eta Lanbert. Emaitza honi esker, atzoko irabazleak bigarren fasea jokatzetik oso gertu jarri dira.

Garaileak hasieratik nagusi izan ziren. Laugarren tantoan berdindu egin zuten, baina hortik aurrera nahikoa eroso aritu ziren, beti aurkariak azpian edukiz. Gaur beste partida bat jokatuko da Donibane Garazin, 16.00etatik aurrera, eta bertan Alfaro-Lazkano Larretxea-Ducassoren aurka arituko dira. J.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo