GARA > Idatzia > Kultura> Musika

«Entzuleen bizitzetan sartzen dira kantuak. Eta pozgarria da hor egotea»

p046_f01_195x92.jpg

Aitor Monje

Yakuzi taldeko kidea

Sal taldearen hondarretatik sortua, Aitor Monje, Anartz Onandia, Gus Gallego eta orain Gorka Molerok osatzen dute Yakuzi. «Ausardiaren garaia» da taldeak eman duen azken pausoa, 2008ko «Hot Balneario» eta aurreko «Ibai lehorretan itota» zein lan homonimoaren ostean.

Anartz BILBAO | BILBO

Soinu geruza lazgarrian bilduta, pauso irmoz doa aurrera Yakuzi, hamarkada luzeko bidea eginda. 1998an Elorrion sortua, 2004an Bartzelonako Primavera Sound sonatuko oholtzan izan ziren, eta bi urte geroago Villa de Bilbaoko sariketan garaile atera. Orain, «Ausardiaren garaia» (Bonberenea Ekintzak) heldu da.

Yakuzik hamarkada beteko ibilbidea egin du jada. Non da taldea egun?

Taldea momentu berezi batean dago. Musika oso gustuko dugun denbora-pasa da partaideontzat, biziki maite dugu. Bestalde, ez da gure lana, eta norberaren bizitzan gertatzen diren gauzek badute bere ondorioa taldearen erritmoan. Atzera begiratuz, ibili dugun bidea xumea izan da, leku txikietako lagun izan gara beti, eta entzuleriarekin izan dugun lotura, beraz, hurbilekoa izan da. Alde horretatik oso pozik gaude. Gure musikak ez du izan oihartzun berezirik... baina badugu gure lekutxoa euskal musikan, baita Estatuan ere. Gure kantak gure musika entzuten duenaren bizitzan sartzen dira, eta hor gaudela jakitea pozgarria da.

«Ausardiaren garaia»... zertarako?

Gaur egun munduan diren gorabeheren eta gizabanakoarengan eragina duten erasoen aurrean izan beharko genukeen jarreraren abiapuntua ausardia dela uste dugu. Nork bere esparru hurbilean, barrukoa ezagutu, kanpokoa ezagutu eta loturak landu, eraso eta arazo horiei guztiei aurre egiteko. Lan honen izenburuan legez, jendea ausarta izatera bultzatu nahi genuke. Gure musika izan dezake bulkada, batek daki handia edo txikia, hori bakoitzak sentitu behar du.

Lorpen handiak eta oihartzun txikia izan duzue. «Kultuzko» edo... marjinal bihurtuak?

«Kultuzko» horrek kutsu gezurtia du eta ez gaude horrekin ados, eta marjinalak... ez dakit non dagoen muga. Gure musika entzuteko, gauza bat baino ez da behar: nahi izatea. Musika batek beste batera zaramatza, guri gertatu zaigun bezala. Ohiko ahalegina ez da kuantitatiboa, kualitatiboa baizik. Entzun, entzun ostera, ezagutu eta iritzia eman, entzun berriro edo albo batean utzi. Tamalez, Euskal Herria ez dago oso zabalik «berriak» edo «ohikoaren aldean ezberdinak» diruditen ideiei. Baina apurka-apurka aurrera goaz. Euskal musika izugarri aldatu da azkenengo urteetan eta, Internet eta horrelakoak lagun, bide horretan jarraitzea espero dugu.

Soinuak jantzi eta bolumenak bildu egiten ditu Yakuzi...

Bolumenaren garrantzia musika motari egokitzean datza, eta ez da erraza. Kontzertu bakoitza ezberdina da, leku eta entzuleria mota ezberdina duzu bakoitzean. Baina kantuak berdinak dira eta gure musikaren benetako mamia sortzen duen sentimenetan dago. Guk kantak «entzun» egiten ditugu ateratzen ditugunean, eta hor sentitzen dugu ideia musikal horrek nora eramaten gaituen, boteretsua bada, egokia bada, koherentea bada. Noizbait esan dugu kontzertuetan barrurantz jotzen dugula, eta egia izan daiteke. Eta, entzuleak ere, gure ustez, barrutik entzuten gaitu.

Ez zarete instrumental hutsen beldur, eta ahotsa ere musika tresna gisara darabilzue.

Hala da. Beti izan da horrela. Ahotsa beste instrumentu bat da, tronpeta edo pianoa bezala. Kantu batzuek eskatzen dute eta beste batzuek ez. Intuizio hutsa da, eta noski, batzuen ustean kale egingo dugu, eta beste batzuen ustean, erdi-erdian jo.

Tolosako Bonberenean grabatu zenuten lana.

Tx4p!-ekin grabatzea argi genuen, gurea bezalako musika grabatzeko pertsona egokia da eta aurreko diskoarekin izan genuen emaitza kontuan hartuta, errepikatu egin nahi genuen. Prozesua, gutxi gorabehera betikoa izan da. Kantak eta barne eztabaidak lokalean landu, eta konpondu ostean ahalik eta arinen grabatu -agian nahi baino arinago joan da-. Eta emaitzarekin erabat pozik gaude.

Kantuen konposaketan zein bide ibili duzue?

Urtebetez kanta berriak ateratzen saiatu ginen zuzenekoak eman bitartean. Azkenean, kontzertuak alde batera utzi eta kantu berriei ekin genien. Urtebete baino gehiago egon gara zuzenekoan jo gabe, apurka-apurka kantu berriak prestatzen. Abesti hauek lokalean izan dugun elkarlanaren ondorioa dira. Denon artean egindakoa, inprobisazioa abiapuntu izanik. Aurretik kantu bihurtu ez ziren ideiak berreskuratu ditugu, behingoz benetako abesti izan daitezen. Eta lehen esan bezala, kantu hauen izaera taldearena da, hots, indarra, energia, intentsitatearen bila, emozioaren bila, tentsiozko une musikalak eraikiz.

Zuzeneko emozionalak egin ohi dituzue, eta estutu.

Zuzenekoetan egiten dugun musikarekin koherentzia osoa dugu. Musika gure barrutik atera dugu eta entzulearen barrura doa. Beraz, jotzerakoan, barrurantz jotzen dugu, emozioak dantzan ditugu, musika horren benetako izaera aurkezteko. Entzuleriaren aldetik, noski, denetarik aurki dezakegu. Batzuek asko gozatu dute, beste batzuek ez hainbeste. Badira hamar urte hasi ginela, eta gure kontzertuetara etortzen den jende askok aspalditik ezagutzen gaitu. Badaki zer egiten dugun, nola egiten dugun eta zer aurkituko duen. Gustukoa badu etorriko da eta etortzen da. Bestela, ez. Bada jakin-minak bultzatuta etortzen denik ere, eta polita da ezezagun horri zer edo zer iradokitzea. Hurrengo batean etortzen bada, harremana sendotu egingo da.

Yakuzik badu etorkizunerako amets ezkuturik aitortzeko?

Guk ere ez dakigu nolako diskoa egin nahi izango dugun bihar. Agian gure amets sekretua entzuleriaren memorian mantentzea izan daiteke, ahaztura hutsean ez geratzea. 30 urte barru hirugarren adineko bidaia batean gure zaleren batekin elkartu eta kontzertu baten gorabeherez gogoratzea, bere bizitzaren zati txiki bat izan dugula ziurtatzea. Musikarekin lor dezakeguna ildo horretatik doa.

etorkizuna

«Agian gure amets sekretua entzuleriaren memorian mantentzea izan daiteke, ahaztura hutsean ez geratzea. Musikarekin lortu dezakeguna ildo horretatik doa».

Zuzenean

Gaur: 22.00etan Putzuzulon (Zarautz). + Bloodseekers. Martxoak 18:

22.00etan Bonberenean (Tolosa). + Borrokan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo