GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Pello ZABALA Eguraldian aditua

Aspaldiko euriak, akaso?


Zer negu da hau? Makina bat aldiz entzundako galdera aurtengo neguan. Hala entzun genuen abenduaren martxan, urtarrilaren ibili hala-moduzkoan eta otsailaren lehen hogei egunetan, batik bat: «Ze, udaberria aurreratu al zaigu? Aurten ez al dugu negurik? Elur pulamentuzkorik gabeko neguarekin konformatu behar al dugu? Karnabalak ere atzeratu eta, `semana blankarik' gabe aurten ere, edo zer pulamentu da hau? Klima aldaketarekin konponduko duzuela uste al duzue?»... Zirika-mirika bota zizkidaten eztenak...

Alegia, etorri zela martxo bideko ilbetea, otsail erditik gora, hilaren 18an, justu, eta akabo neguaren laztan leunak. Hasi bazen hasi, 21ean goizaldean justu, eman ziola konportak zabaltzeari, eta beste hainbat urtetan egin duen gisara, bota zituela litro kopuru gorde eta pilatutakoak. Puntuan azaldu ziren telebista eta irratiak: «Jeessus, Maria eta Jossee... egun bat eta erdian bota du urtarril-otsailetan baino euri-litro gehiago...!».

Eta halaxe izan. Batean ehun litrotik gora 30 orduan; bestean 90 litro, 20 orduren barruan, hurrengoan: «Zer da hau? Bidasoa ibarrekoak markak hautsi ditu oraingoan...». Denetik entzun genuen, entzun genuenez.

Baina, porta gaitezen formaltasun eta pulamentu puska batez. Begira, har ditzagun datuak gogoan: abenduak eman zituen 146 litro. Portatu, portatu zen, bai. Baina 50 litroren faltan gelditu zen, urte normaletakora iristeko. Urtarrilari 120 litro faltako zitzaizkion, beste urtarril normalenekin parekatzeko; otsailari, lehen 20 egunak betetzean, 111 litroren faltan zela gogoratuko genion. Horrek denak, egunen zerrenda luzearen gabezia gogoan hartuz gero, honako datu lehor zehatza emango zigun: abenduko Eguberri egunetik, otsailaren 20ra, alegia, neguko 59 egunetan, 87 litro besterik ez zutela eman, lurraren gozagarri eta ongarritarako.

Eta, otsaileko ilbetea etorri, askatu zerumugako urandiak denak, eta otsailaren azken zortzi egunetan, 154 litro. Eta martxoan, atzo arteko 21 litroekin: 175. Alegia, azken hamaika egunotan, neguko lehen 60en doblea eta pasa. Eta, zergatik? Hori hurrengoan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo