Hendaiako hautetsiek ere ausarki babestu dute Irati Tobar gazte militantea
Izpuran izandako gazteetatik, soilik Irati Tobar ez da atxilotua izan. Hendaiako hautetsi baten etxean da eta egunotan herriko etxeko zenbait zinegotzik aterpea eman diote, tartean sozialistek ere bai.
Arantxa MANTEROLA | HENDAIA
Ezohiko egoera, baina ezohiko jarrera ere bai, egunotan Ipar Euskal Herriko zenbait hautetsi erakusten ari direna. Izpurako itxialditik beren etxeetan jaso zituzten zortzi gazteetatik, zazpi atxilotuak izan dira. Irati Tobarrek zori bera jasan dezakeelakoan, Iker Elizalde zinegotzi abertzaleak herenegun arratsean Hendaiako udalbatzarrera eraman zuen gaia, protesta moduan bozketetan ez zuela parte hartuko adierazita.
Gainera, bere kideak bezala, Portugaleteko gaztea ere atxilotua izateko arrisku bizian ikusirik, gainerako zinegotziak interpelatu zituen idatzi baten bidez euren babesa eta engaiamendua eskatuz. Hala, zenbait hautetsik sinatu zuten «beren ideia politikoengatik nehor ezin dela jazarria izan» dioen adierazpena, eta Estatu frantsesari euroagindua ez aplikatzeko eskatzen diona.
Aterpetua
Udalbatza aretoan zegoen Tobarrekin ere zuzenean hitz egiteko aukera izan zuten. Beren jarrera ekintzen bidez azaltzeko, Hendaia Anitza udal taldeko zinegotzi batek bere etxean aterpea eman zion, eta gazte independentistak bertan eman zuen gaua.
Atzo goizean, Kotte Ezenarro zinegotzi eta kontseilari nagusi sozialista tartean zela, udal taldeko hautetsiek haren etxetik Elizalderena eraman zuten. Elkartasun keinu adierazgarri horrek Pirinio Atlantikoetako departamenduko sozialisten jarrera ofizialarekin talka egiten du, zuzenki.
Izan ere, atzo bertan Georges Labazee Kontseilu Nagusiko talde sozialistaren buruak «Euskal Herriko Kazeta»ri egindako adierazpenetan, argi uzten zuen soilik Aurore Martin Espainiaratzearen kontra azaldu direla.
Bien bitartean, Hendaiako bere aterpetik, laster batean bera ere atxilotua izango dela adierazi zuen Tobarrek: «Berehala atxilotuko naute, baina lasai nago. Badakit kartzelan bukatuko dudala eta hori ez zaio, jakina, inori gustatzen, baina errealitatea da».
Militante abertzalearen ustetan, Estatu espainolean «sarekada mediatikoak» prestatzen eta egiten ari diren bitartean, Parisek «ezin du utzi gu zortziok agertu garen bezala, bizitza publiko normala egiten jarraitzea». «Argazkiaren bila joan dira» gaineratu zuen, eta euroaginduaren aurkako mugimendua areagotu dadin, lanean segitzeko premia nabarmendu zuen.
«Forma damugarriak»
Bi estatuek euroaginduaren bidez «askatasunaren kontrako daramaten politikaren» kontra azaldu da EH Bai koalizioa, eta gogor salatu du militante politiko bat bere ideiengatik «auzitaratua, inarrosia eta bortizki atxilotua izatea».
Gazte independentistak atxilotzeko orduan Polizia frantsesak erabilitako formei «damugarri» iritzi die, eta «neurrigabeko errepresioaren aurka» agertu da. Bide batez, beren sostengua ekarri dieten hautetsiak «zoriondu» ditu, eta larunbatean, arratsaldeko hiruretatik goiti, Baionan eginen den giza-katean parte hartzera dei egin du.
Bere oharrean, EH Baik oroitarazi duenez, «bake prozesu bat martxan da eta ETAk bortizkeria gelditzea erabaki du». Koalizio abertzalearen aburuz, horrelako errepresioak ongi erakusten du frantses eta espainol gobernuek ez dutela «Euskal Herriko gatazkaren konponketa bilatzen».
Bestalde, larunbateko giza-katean parte hartzera deituz, hainbat pertsona ezagunen adierazpenak biltzen dituen bideo bat egin du kolektiboak. Youtuben ikus daiteke «gizakatea.dvx» klikatuz.
Atxiloketak salatzeko elkarretaratzea egin zuten atzo Donostiako Udalean 300 lagun inguruk. EA, ezker abertzalea, Aralar, amnistiaren aldeko mugimendua, LAB eta gazte independentistak elkartu ziren.