EBZk apirilean interes tasak igoko dituela aditzera eman du Jean-Claude Trichetek
Europako Banku Zentralak apirilean interes tasak igoko dituela aditzera eman zuen atzo Jean-Claude Trichet presidenteak. Inflazioa EBZk uste zuena baino gehiago hazi da. Aurten %2 eta %2,6 bitartean kokatuko dela uste du, egonkortasuna bermatzeko mailaren gainetik.GARA |
Europako Banku Zentralak (EBZ) inflazioari eusteko duen lehentasunari jarraituz, interes tasak igoko zituela espero zen, baina litekeena da erabaki hori aurreratzea eta apirilean hartzea, atzo Jean-Claude Trichet presidenteak adierazi zuenez.
EBZk aurtengo eta datorren urteko inflazio aurreikuspenak berraztertu ditu, energia eta lehengaien prezioen igoeraren ondorioz. Horrela, aurten inflazioa %2 eta %2,6 bitartean kokatzen du, bankuaren arabera egonkortasuna bermatzeko beharrezkoa den mailatik gora.
Aurreikuspen horien aurrean, EBZko presidenteak agian apirilean interes tasak igoko dituela aitortu zuen.
Izan ere, EBZko Gobernu Kontseiluaren bileraren ondoren ohikoa den prentsaurrekoan Trichetek gaur eguneko tasak ez zituen «egokitzat» jo, azken hilabeteetan egin duenez. Aitzitik, esan zuenez, «litekeena» da interes tasak apirilean igotzea. Hala ere, bankuak oraindik ez duela inolako konpromisorik hartu nabarmendu zuen. Trichetek prezioen bilakaera eta inflazio aurreikuspenak «ondo behatuko dituela» esan zuen. Tasak igo baino lehen egindako bileretan horixe izan da sarritan erabili duen esaldia.
Aurreikuspenak aldatu
EBZk jarrera aldatu du inflazio bateratua igotzearen ondorioz, energiaren eta lehengaien prezioek gora bultzatu dituztelako prezioak. Orain arte EBZk espero zuen aurten inflazioa %1,3 eta %2,3 bitartekoa izatea, eta %2 eta %2,6 bitartera igo du. Datorren urterako %0,7 eta %2,3 espero zuen, baina atzo %1 eta %2,4 bitarteko aurreikuspena plazaratu zuen. Herri batzuetan -Alemania kasu- suspertze ekonomikoarekin batera joan da inflazioa, baina beste batzuetan -Euskal Herrian- interes tasak igotzeak susperraldia atzera dezake.
EBZren iritziz, inflazioa %2 eta %2,6 bitartean kokatuko da aurten. Orain arte, %1,3 eta %2,3 bitartekoa espero zuen. Aurreikuspenak aldatu egin ditu, energiaren eta lehengaien prezioen ondorioz.