Arratek ez dauka punturik sobera Naturhouse Logroņori oparitan emateko
GARA | EIBAR
Asobal Ligako atzealdean kokaturik dago Arrate, puntuen behar gorrian eta diruz ere eskas. Bada, ez dago oparirik egiteko moduan, eta aurrera ateratzeko abagune oro aprobetxatu behar du. Gaur gauean, Ipuruan, 21.00etan, izango dute gipuzkoarrek maila mantentzeko borrokan puntu eder askoak pilatzeko parada.
Jaitsierako postuekiko puntu bakarreko aldea dute eibartarrek, baina esan liteke hogeigarren jardunaldi honetan irabazteko gehiago dutela galtzeko baino. Izan ere, Toledok eta Alcobendasek, hurrenez hurren, Ademar Leon eta San Antonioren aurka jokatu behar dute; hots, kontrario oso gaiztoak sailkapeneko zuloan dauden taldeentzat.
Zaleen laguntza
Gaurko partidari begira, Arrateko batzorde kudeatzaileak «zaleen laguntza» eskatu du. Hala, 10 euroan jarri dira salgai sarrerak. Horrez gain, Eibar, Ermua eta Elgoibarko ikasleen artean gonbidapenak banatu dituzte. Kezka dantza taldea eta Ustekabe txaranga ere Eibarren izango dira.
Dena beharko dute, Redei eibartarren goleatzaile nagusiak, min hartuta, denboraldiari agur esan diolarik. Mikel Arrieta zumaiarrak debuta egin lezake, bestalde, Julian Ruizen taldean.
Arrateren aurkaria ez da badaezpadakoa: Naturhouse Logroño, alegia. Errioxarrak ligako bederatzigarren postuan daude, eta EHF Kopan ere final-laurdenetarako sailkatu dira. Hori bai, Sorrentino, Kojic eta Amargant ez dira Ipuruan izango min hartuta daudelako.