GARA > Idatzia > Kultura

Jinjo Crew, 2010eko breakdance talde onena, Break On Stage-n izango da apirilaren 9an

p050_f02_97x92.jpg

A. ARRUTI | BILBO

2010eko munduko breakdance lehiaketako irabazleak, Jinjo Crew hegokorearrak, Bilboko Break On Stage jaialdian izango dira datorren apirilaren 9an. Hala baieztatu dute hamargarren edizio honetako antolatzaileek. «Aurtengoa inoiz egin den jaialdi erakargarriena da», esan dute. Jinjo Crew egungo talde berritzaileen artean kokatzen da, «mugimendu akrobatiko bikainak eta sinkronizazio maila handia erakusten dituzte». Bilboko bisita berezia izango da gainera, «Translate» izeneko euren azken ikuskizunaren estreinaldia bertan egingo baitute hegokorearrek.

Casilla kirol pabilioian ospatuko da hamargarren edizio hau. «2001ean jaio zen jaialdia, kale kultura adierazpideen erakusleiho izateko asmoz. Egun, nazioarteko aretoko kale kultura jaialdi garrantzitsuenetakoa da». Hiru orduko iraupena izango du eta sarrerak -orain arte urtero agortu dira- salgai daude jada. Aurrez erosita 10 eurotan daude eta leihatilan, 12 eurotan.

Lehiaketak eta erakustaldiak

Aurtengo jaialdia lau ataletan banatuta egongo da. Jinjo Crew-en ikuskizunaren ondotik, XX. Aretoko Breakdance Lehiaketa abiatuko da honako taldeekin: De Klan (Erroma), La Smala (Bordele), Crazy Hospital (Bilbo) eta Rugged Solutions (Eindhoven).

Kale kultura erakustaldia izango da gero, nazioarteko zein bertoko talde entzutetsuekin: 4x Sampler Beatbox Crew (Berlin), Breathles (Iruñea), Rae & Flockey (Dusseldorf), Extremo & Vento (Zaragoza/Salamanca), Dj Renegade (Londres), Sevemji (Bilbo) eta VJ Logela Multimedia (Elorrio).

Bukatzeko, europear hip hoparen erreferente den Foreign Beggars hirukote britainiarrak zuzenekoa eskainiko du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo