Julen MURGOITIO
Fiskantzaindiako tximeletak
Askotan da entzuna tximeleta batek Ertamerikan hegoak astintzen dituenean handik hilabetera Australiako ekialdean euri-erauntsiak sortzen direla. Jakina! sortu aditzak euskaraz duen esanguran hartuta, ez Fiskaltzaindiak sortu duen hiztegi transgenikoak ematen dionean. Tximeletaren pasadizoa etorri zait egunotan buru aldera, orainaldian antzeko zer edo zer gertatzen delakoan. Horra, han, Libian, nahaste-borraste desorekatuak gerra zibilaren itxura hartu eta hemen GARAko errotatiba moteldu. Kausa-ondorio edo. Bide batez, ez ninduke batere harrituko NATOk han eskua sartuko balu, izan ere jakina baita, katekesi garaitik jakin ere, Libia Ipar Atlantikoan dela. Hortaz, eskua sartzen hasi eta gorputza osoa bertan errotzen amaituko. Espezie inbaditzaileena bera. Total, Libiakoa dela eta abiadura bera ere moteldu errepideetan, patrolena izan ezik, horiena azkartu egin baitute, egozpenen presaren presaz. Orokorrean, magistraturaren auto guztien abiadura ari dira azkartzen. Kontsumitu kontsumitzearren. Ama! globalizazioa zer den! Orain hainbat urte paparrean ipintzen genituen pegatinak, egun, ostera, errepide bazterreko seinaleei ipintzen dizkiete! Lehen aldarrikapena zen, aginduaren seinale orain.
Hara usteak! Aratusteak. Inauteriak. Mozorroak nonahi, bulego batzuetan gehiago kale guztietan baino. Hainbatengan urte osoko janzkeraren adierazgarri. Tira, ekonomia iraunkorraren legea dute abian gure beheko monarkia sozialistan. Eta horren barruan «ajuste» pilo bat, mafiako buruak bailiren, beti ajustetan. Drakula bera munduko odol-bankuaren gobernadore izendatuko balute bezala. Hurrup! Honezkero konturatuak dira adreiluarenak porrot egin duela, eta beste norabide batean jarri nahi dute orain adreiluaren politika. Egozpenak eraikitzen, hain justu. Inputazioak, edo. Nonahitik ari dira horien eraikuntzan, adreilu transgenikoekin balitz ere, erresumaren karkasa ormatik ormara zutik mantendu nahian, irmo, jakin gabe irmoena dela lurrikaretan lehena jaisten. Eta hor ari dira, japoniarrak grebetan bezala, lanez lepo, egunean hogeita lau orduz, buruan kaskoa eta toga lan-jantzi bihurtuta, jo eta ke eraiki arte. Ama, ama! noizbait gure orubean marko demokratikoa izango bada, eraiki baino gehiago eraitsi dugun seinalea izango da. Mugarik agintzen ez duen seinalea. Eta tximeleta?