GARA > Idatzia > Iritzia> Hemeroteka

Mario Zubiaga 2011/2/27

Mozorro festa

(...) Urte luzeetan, ziurrenik oso eroso ez zuen otso-mozorroa jantzita, haginkadak eman ditu han eta hemen, konturatu arte erasotakoen artilezko larruaren azpian, bera baino piztia askoz ere indartsuagoak zeudela ezkutatuta eta, aieneen artean, irribarrea zutela agin zorrotzetan itsatsita. Alde bietan pairatzen ari zen sufrimenduaren kontura.

Metafora hau euskal politikak azken urteotan bizi izan duen garabidearen erakuslea izan daiteke. Dena den, Legeztatzea -halabeharrez otso larrua kentzea dakarrena-, ez da ezker abertzaleak duen kinka estrategikorik larriena. Orain etorriko da -Sortu markarekin-, ala hurrengoan, beste batekin. Urrats horren baldintza teknikoak beteta dauden arren, PP eta PSOEren arteko kontsentsuak, hots, sistemaren komenigarritasun politikoak aginduko du unea. Eta, manifak manifa, ez dirudi ezker abertzalek eskaera horretan jarriko duenik zeharkatu ezinezko marra gorria. Izan ere, kontu askoz ere sakonagoak daude jokoan datozen hilabete eta urteetan. Batzuetan arbuiagarria beti miresgarria, mende erdiko ibilbide historiko latzaren amaiera ezin da hauteskunde zehatz batzuen menpe jarri. Oso garrantzitsuak izanda ere.

Borroka armatua uzteak, hamar urte luze behar izan ditu jomugara iristeko: Lehenik, EAJri saldu nahi izan zitzaion, gero PSEri eta, azkenean, arerioak prezio egokian inoiz ez duela erosiko konturatu orduko, musu truk eman dizkio ETAk ezker abertzaleari arma biltegiaren giltzak. Azken urrats hau kudeatzeko erabili den inteligentzia politikoa, ausardia eta, Alex Maskeyek esan bezala, barne indarra, ez dira nolanahikoak izan. Gerrak gal daitezke, baina gerra guztiak galduta ere, irauten asmatzea da kontua. Eredu antropologiko gisa «galtzaile iraunkorrarena» izango litzateke euskal identitatearen osaketa historikoaren emaitza. hauxe da, hain zuzen ere, ezker abertzaleari etorkizunean zabaltzen zaion aupada: izaera galdu gabe, irautea. Horretarako, bi muturren artean burutu beharko du bere jarduera politikoa:

-Ardi larrua jantzita, alderdikoia izaten ikasi, otso maltzurren artean maltzurrena, egiturazko krisian dauden beste alderdi politikoen dantzan murgilduta, sozialdemokrazia europarraren ildo antzuak ekiditen trebatu, edota,

-Ardi faltsuen artean ardi zinezko bakarra izaten jarraitu, otso mozorrorik gabe eta ardiek duten indarra profitatuz: taldea. Botere eta identitate jardueren bitartez (ar)talde sendoak osatzea baita, politikaren krisi globalari aurre eginez herri abertzaleak bere gara(i)pena burutzeko izan dezakeen modua.

Horregatik legeztatzea ez da amore ematea, ez da jauzi arriskutsua, ardien benetako indarra askatzeko behar zen biluztea baino ez da, hauteskundeetara zuzenean aurkeztu ahal izatea, izanda ere, ez da hain erabakitzailea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo