Marasma Saretzen-ek irudia eta doinua jarri dio bere buruari bideoklip batean
GARA |
Amaraunen antzera, Marasma Sarea hedatzen ari da eta bere zetazko harien artean Euskal Herri txoko anitzetako gazteak harrapatu eta hurbildu ditu. Gazte kontzientzia «berpizteko» eta motibazioa areagotzeko helburuarekin joan den azaroan martxan jarritako proiektuak erritmo bizia hartu du eta horren erakusgarri da atzo Bilbon aurkeztu zuten bideoklipa.
121 Krew, Norte Apatxe eta Goienetxe Anaiak izan dira «Imajina» kantuarekin Marasma Saretzera prozesuari doinua jarri diotenak, hip hop eta rap doinuak, zehazki. Irudia aldiz, euskal gazteek jarri diote. Ikasgelan zein kalean, lanean zein parrandan grabatu dituzten irudiek aniztasuna jasotzen dute.
Bideoklipa aurkezteko egindako agerraldian Marasma Saretzen prozesuaren nondik norakoak azaldu zituzten. «Gazteen errealitatea gazteen begietatik begiratzea» proposatzen dute prozesu honekin eta horretarako plazaratu zuten azaroan «...eta gazte0k zer diogu?» kanpaina. Hilabete luzeotan, gazteei hitza emanez, herrietako eta auzoetako diagnostikoak egiten aritu dira, harreman sareen bitartez gazte mordoa ezagutuz.
«Behin eta berriz entzun dugu gazteak alferrak, drogazaleak... garela. Nahikoa da gazteoi buruz hitz egiteaz», kexatu ziren eta herriz herri egiten ari diren diagnostikoak gazteen errealitatearen «irudi eta isla» izango direla defendatu zuten.
Diagnostikoak gainera, Marasma Saretzen dinamikaren abiapuntua izango direla nabarmendu zuten, «egungo egoera ankerra egoera hobe bategatik ordezkatzeko». Eraldatze horretan, jarrera aske eta zirikatzailea nagusi izango dela esan zuten.