ELKARRIZKETA | PAUL BILBAO, Kontseiluko idazkari nagusia
«Euskaldunen eskubidea bermatu gabe ez dago agertoki demokratikoaz hitz egiterik»
Gernikako Akordioa sinatu berri duten 300 eragileren artean Kontseilua nabarmentzen da. Bere eskutik, gainera, hizkuntza eskubideen aldarria erantsi zaio itunari. Akordioak garrantzia estrategikoa izan dezakeela uste du Paul Bilbaok, eta ondorioz euskararen beharrak zehaztu beharra ere bazela dio.
Ramon SOLA |
Larunbatean jauzia eman zuen Gernikako Akordioak Donostian; besteak beste, Kontseiluak izenpetu zuen adierazpena. Erabaki honen zergatia honela azaldu du Paul Bilbao idazkari nagusiak: «Egun, gure hizkuntzak bizi duen egoerak baduelako lotura zuzena egoera soziopolitiko orokorrarekin».
Nola hartu du Kontseiluak Gernikako Adierazpena sinatzeko erabakia eta zein hausnarketa egiten du horretarako?
Euskalgintzan diharduten hamarnaka erakundeen bilgunea izanik, Kontseiluari gizarteko esparru guztietan euskararen beharrak definitzea dagokio, bai eta horien alde eragitea ere. Gernikako Adierazpenaren berri izan genuenean, itun horrek etorkizunean izan dezakeen balio estrategikoa kontuan harturik, euskararen beharrak zehaztea ezinbestekoa zela iruditu zitzaigun. Hartara, gure herria bake bidera eta aterabide demokratikoetara eramango badugu, euskararen gutxiagotze prozesuari erreparatu behar zitzaiola ondorioztatu genuen. Egun, gure hizkuntzak bizi duen egoerak baduelako lotura zuzena egoera soziopolitiko orokorrarekin. Gauzak horrela, ekarpen zehatza egiteko erabakia hartu zuen Kontseiluak.
Hizkuntza eskubideen aldeko eranskina sartu duzue, beraz, Akordioan. Horren edukiaz zer nabarmenduko zenuke?
Edukiak eskaera zehatza jasotzen du: gure hizkuntzak behar duen estatus juridikoa. Horrekin batera eskaera hori argitzeko arrazoiak jaso nahi izan dira. Egun, estatuek indarrean jarritako hizkuntza politiken ondorioz, ez dago euskaraz bizitzerik, eta horrek estatu-gai baten dimentsioa du. Hizkuntza da herriaren ardatza, eta estatuek egiturazko galga jartzen diote geure hizkuntzaren, eta ondorioz, herriaren normalizazioari.
Halaber, hizkuntza normalizazioaren kontrako jardunak estatu-gaiaren dimentsioa duela irudikatzeko Espainiako Estatuak euskalgintzaren kontra hartutako neurriak jaso nahi izan ditugu. Finean, hizkuntza da gure identitatearen zeinu eta ezaugarri nagusia, eta parametro horietan kokatzen ditugu erasoaldi horiek guztiak. Hortaz, herriaren normalizaziora iristeko nahitaezkoa izango da hizkuntzaren aferari eustea ere.
Agertoki demokratikoa eskuratzea da Gernikako Akordioaren zeregina. Bide horretan, zein izan daiteke euskalgintzaren ekarpena?
Euskaldunak bere lurraldean duintasunez bizitzeko eskubidea bermatuta izan behar du; bestela ez dago agertoki demokratikoaz hitz egiterik. Finean, oinarrizko eskubideez ari gara, lehen esan bezala, estatuek estrategia zehatz baten ondorioz urratutako eskubideak. Kontseiluak eremu horretan jarriko du azpimarra eta horri begira eragingo du. Egoera berri honetan normalizazio politikoaren hastapenean gaude, eta Kontseiluak determinazioz eta erantzukizunez jokatzeko asmoa du, beti ere geure hizkuntzaren beharrak mahaigaineratuz, hizkuntza ere erdigunean jartzeko.
Bide batez, euskara eta askatasuna lotu zituen Patxi Lopez lehendakariak adierazpen iskanbilatsu batzuetan. Kontseiluak erantzun zion. Duela egun batzuk, barkamena eskatu du Lopezek. Zein ondorio ateratzen du Kontseiluak ika-mika honetatik?
Adierazpen horiek egin zituenean, Kontseiluak oso argi adierazi zuen herritarren eskubideen bermeari begirako politikak abian jartzeko, ez dela beste aldera begiratu behar, eta ezin balia daitekeela bestelako aitzakiarik herritarren oinarrizko eskubideei muzin egiteko. Hortaz, barkamena barik, euskaldunari euskaraz bizitzea ahalbidetuko dioten baldintzak abian jartzeko eskatuko genioke.
«Estatuek estrategia zehatz baten ondorioz urratzen dituzte gure eskubideak. Orain normalizazio politikoaren hastapenean gaude eta determinazioz eta erantzukizunez jokatzeko asmoa du Kontseiluak»