GARA > Idatzia > Kultura

Ezintasuna dutenei gizarteratzeko eta gai direla erakusteko aukera ematen die Atena Psikoballet-ek

Arteak ezintasunen bat duen jendeari lagun diezaiokeela sinetsita, Atena Psicoballet sortu zuten orain hamar urte. Urteurrena ospatzeko, ikuskizun berezia izanen da gaur Iruñeko Gaiarre antzokian.

Marian GARCIA (EFE) | IRUÑEA

Norbere buruan sinestea eta gizarteari gaitasun guztiak erakustea, hori da Atena Psicoballet Fundazioak ikasleei ematen dien aukera. Artista hauei gizarteratzen laguntzen die arteak.

«Arteak batez ere beren buruan sinesten laguntzen die, gainerakoek eurengan sinesten dutela konturatzen, beren familiakoek eta gizarteak baloratzen dituztela ohartzen, ez direnarengatik, egiten dutenarengatik baizik», adierazi du fundazioko zuzendari Arantxa Garateak. «Batzuek komunikatzeko zailtasun handiak dituzte eta beren gorputzaren bidez komunikatzeko gai dira», gaineratu du.

Badira hamar urte ezintasunen bat duten pertsonen familiek elkarte hau sortu zutela. Helburu argia zuten: «Lagun hauek osoki gara daitezen bultzatzea, artearen bidez bizi kalitatea hobetuz eta beren bizi proiektuari lagunduz». Halaxe azaldu du Arantxak ospakizunaren aurretik. Dantza eta antzerkia uztartuz, «Y tú, ¿cómo lo ves?» ikuskizuna prestatu dute, eta gaur antzeztuko dute Iruñeko Gaiarre antzokian.

Garateak oroitarazi duenez, artea eta pedagogia elkartuz ekin zioten bideari duela hamar urte, eta ordutik lanean aritu dira, konpromisoz, gutxienez beste hamar urtez jarraitzeko borrokatuz. Denbora horretan aldatu egin da lan egiteko modua, baita egitura ere, «egunero lan askoz profesionalagoa egiteko, kalitatean eta etikan oinarrituz, pertsona bakoitza kontuan hartuz, ez kolektibo gisa, norbanako gisa baizik, beren beharrak ikusiz eta horietatik abiatuta behar dutena ematen saiatuz».

Artistak dira

Fundazioko ikasle guztiak artistak direla nabarmendu du Arantxak: «Gaitasun itzela dute gauza asko egiteko, agertokian egoteko eta gizarteari dituzten gaitasun guztiak erakusteko». Kontuan hartu behar da «besteek egiten duten lanaren bikoitza egin behar izan dutela eta egin behar dutela beren eskubideak aldarrikatzeko».

Ahalegin horrek badu saririk, hau adierazi ahal izatea: «Lanean ari naizelako, ongi ari naizelako eta egiten dudana kalitatezko lana delako nago hemen».

Dantzak eta antzerkiak autoestimua indartzen laguntzen die. Hori nabarmen ikusi du Garateak emakume heldu batzuengan, oagertokian pertsona gisa hazi direlako. Txikienei dagokienez, esperientziak heldutasuna ematen die, konpromisoa hartu behar dutelako, lana egin behar dutelako. Badakite publiko bat dutela aurrean, dena eman behar diotela eta ezin diotela hutsik egin.

Esperientzia honek ekartzen dituen onurak ez dira protagonistentzat soilik; harago doaz eta eurekin lan egiten duten guztiengana zabaltzen dira. «Egun bakoitza ezberdina» da beraientzat eta edozein momentutan bizi dezakete egoera bereziki hunkigarriren bat.

Batzuetan aski da norbait irribarrez edo negarrez ikustea. Izan ere, ikasleen artean badira batzuk «kalte handiak dituztenak», eta bat-batean irakasleei irri egin edo laguntza ematen dietenean egiten ari direnak eragina duela sentitzen dute.

Horregatik, ziur daude egiten duten lana hagitz garrantzitsua dela eta beraiengandik anitz ikasten dutela. «Egokitzeko gaitasun handia dute, badakite egoten, ez dira kexatzen eta gauza askorekin emozionatzen dira». Parte hartu nahi dutenek gaur dute aukera, ikuskizun ezberdin, bizi eta dinamiko batez gozatzeko. Ikusleak harritu eginen direla baieztatu du Arantxak, ezberdin ikusiko dituztelako pertsona hauek, egin ezin dituzten gauzei begiratu ordez, gaitasun guztiei erreparatuz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo