GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

ANOETA

Aviron, onenen pare Anoetan

Zuri-urdinek bikain eutsi zieten lehen sailkatuaren erasoei, eta gainera, ostikoei dagokienez, Tolosakoak baino hobeto aritu ziren.

p048_f01_555x555.jpg

BIARRITZ 32

STADE ROCHELAIS 30

AVIRON 19

STADE TOULOuSAIN 13

Jon LEUNDA

Aurtengo Aviron handia da. Edozeini irabazteko gai dela erakutsi du urte osoan, eta atzo Anoetan mendean hartu zuen liderra, orain arte beste guztien gainetik dagoela erakusten ari den Stade Toulousain.

Avironek partida handia egin zuen. Ez, agian, ikusgarria, baina bai egin beharrekoa ongi eginez. Defentsan ikaragarrizko lana egin zuen, bikain eutsi zion okzitaniarren erasoei, eta horrek garaipenerako bidea zabaldu zien zuri-urdinei. Hori gutxi balitz, euskaldunek burua hotz izaten jakin zuten, izan ere, kanpotarrak, garaipenak ihes egingo ziela ikusi zutenean, partida nahasten saiatu ziren. Borroka bila hasi ziren, baina etxekoek bazekiten zer egin behar zuten, eta hori ere oso ongi egin zuten.

Bestalde, Tolosak ez zuen egunik onena izan, eta hori ere onartu beharra dago. Bost zigor-kolpetan huts egin zuten, eta horrek ere zerikusi handia izan zuen emaitzan, ez baita ohikoa sailkapeneko aurrenak horrenbeste huts egitea. Ez ziren fin aritu.

Anoeta erabat bete zuten zaleek gozatu ederra hartu zuten Avironekin, garbi utzi baitzuen zertarako gai den. Jokoari dagokionez, besteak baino hobeto ibili ziren; defentsan ongi, oso ongi, eta kontraerasoa bilatuz, eta hortik heldu zen entsegu bakarra. Ostikoekin ere primeran aritu ziren, zigor bakarrean huts egin baitzuten, eta seriotasun horrek garaipenaren bidean jarri zituen. Amaieran ez zuten hutsik egin.

Partida honetako lau puntuek asko balio zuten, izan ere, final-laurdenak jokatzeko aukera gero eta handiagoa du Avironek. Liderra mendean hartu zuten bezala mendean hartzeak ere sekulako indarra emango die lehen fasea amaitzeko geratzen diren sei partidetan.

BIARRITZ

32

STADE ROCHELAIS

30

AVIRON

19

STADE TOULOuSAIN

13

giroa

Sekulako giroa izan zen Anoetan. 32.000 ikuslek goraino bete zituzten harmailak, eta bertsolariek eta abeslariek lehendik bero zegoen giroa gori-gori jarri zuten. 150 autobus inguru etorri ziren Lapurditik. Hemendik hiru astera, euskal derbia izango da Donostian.

Gernika laugarren postuan geratuko da

Bizkaia Gernikak ez du lortu Liga hirugarren postuan amaitzea. Horretarako, atzo El Salvadorren zelaian irabazi beharra zeukan, baina amaieran 22-22 egin zuten.

Berde-beltzek oso gertu izan zuten hirugarren postu hori, izan ere, arauzko denbora bete zenean 19-22 irabazten ari baitziren, baina luzapeneko azkeneko jokaldian zigor bat alde izan zuten etxekoek, eta neurketa berdintzea lortu zuten. Aurretik, ordea, 12-22 aitzinetik ere izan ziren, baina ez zuten asmatu aldeari eusten.

Euskaldunek hiru entsegu egin zituzten, eta Martinez, Negrillo eta Coronel izan ziren egileak. Gassiek bi transformazio eta zigor-kolpe bat gauzatu zituen.

Behin Liga amaituta, hemen egin duten lan onari jarraipena eman nahi diote bizkaitarrek, eta Kopan izango dute onenen artean daudela erakusteko aukera.

J.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo