Zornotza
Titinek azkenera arte eutsiko die bere aukerei
J.O.
Badira sekula akabatutzat jo ezin daitezkeen pilotariak eta, ezbairik gabe, Titin da alor horretan sendoena. Aurreko astean Logroñon jasotako porrotaren ostean, oso zaila du finalerdietarako sailkatzea, baina ostiralean erakutsi zuen aukera urri horiek azken unera arte aprobetxatuko dituela.
Garaipenaz gain, tanto askoko aldea behar zuten berak eta Pascualen ordez aritu zen Beroizek, eta bi helburuak bete zituzten gorabehera handirik gabeko partidan. Azken hiru asteetan partidarik jokatu gabea zen arren, uhartearrak oso ondo eutsi zuen atzean, eta aurrean Titinek airean ibili zuen Iker Arretxe.
Errioxarrak, jokoan 12 tanto eginda, garaipen erraza lortu zuen eta hurrengo astean Aimar Olaizola-Beginori ere lanak emango dizkie. Dudarik ez.