EIBAR
Kanporaketa itxurako partida, Astelenan
TITIN-BEROIZ 22
ARRETXE-ZABALA 6
J.O.
Atzoko ezusteko etenaren ostean, eta azken hiru asteetan Adarragak errelebua hartu eta gero, Binakako Txapelketa Eibarko katedralera itzuliko da gaur arratsaldean, kanporaketa zuzenetik asko duen lehia interesgarri batekin.
Gonzalez-Laskurain eta Oinatz Bengoetxea-Patxi Ruiz bosna garaipenekin berdinduta daude sailkapenean, eta gaurko partida irabazten duenak aurrerapauso handia emango du finalerdietara begira. Tanto aldea kontuan izanda gainera, Aspekoak nagusituz gero, sailkapena eginda dutela esan genezake.
Lehen itzuliko partidan sekulako jipoia hartu zuen Asegarceko bikoteak, Labriten jokatutako partidan 22-7 nagusitu baitziren lapurtarra eta gipuzkoarra. Gauzak, ordea, askoz parekatuago egotea espero da gaurkoan, gauza asko baitaude jokoan.
Material aukeraketaren egunean nahikoa garbi utzi zuen Aritz Laskurainek gaur arratsaldean zein taktika erabiliko duten, lotsarik gabe, Patxi Ruizen bila joango direla iragarri baitzuen.
Asegarcekoek, ordea, defentsan izango dute garaipenerako giltza.