Nork ez dio sinesten Beatriz Etxebarriari?
Azken tortura salaketa larriek, tortura salaketa guztiek, haien gaineko inolako zalantzarik gera ez dadin neurriak hartzeko moduko arrazoi nahikoa izan beharko lukete. Eskuliburuaren leloa aspergarria gertatzen da aspalditik, eta egunotan okaztagarria; izan ere, tortura salaketak kontsigna bat baino izango ez balira, erraz asko froga lezakete salaketa faltsua, neurri horiek abiatuko balituzte. Neurri horiek Euskal Herriko talde politiko, sindikal eta sozial gehienek eskatzen dituzte; baita Estatu espainoleko giza eskubideen aldeko eta torturaren aurkako hamaika taldek ere, eta giza eskubideen defentsan jarduten duten nazioarteko beste zenbaitek, hala nola Nazio Batuen Erakundeak, Human Rights Watch-ek edota Amnesty International-ek.
Galde dezatela herri honetan nork sinesten duen Beatriz Etxebarriak salatu duen bortxaketa «terroristen kontsigna» hutsa dela. Eta epaileak -tortura prebenitzeko protokoloak aplikatzeari uko egiten duenak-, Gobernu espainoleko arduradunek, politikariek... ez al dute sinesten? Gaur, Emakume Langileen Nazioarteko Eguna, emakumeen kontrako indarkeria eta bazterkeria salatzeko mezuak zabaldu edota txalotuko dituzten instituzioetako arduradunek sinesten al dute? Ez dute sinesten ala ez dute sinetsi nahi beren demokrazia «eredugarriak» horrelako basakeriak onartzen dituela?