Mikel Aramendi Kazetaria
Nora begira ipini
Libia izan daiteke ezusteko opari bat Mendebaldeko botere urdurientzat. Petrolioa garestitzearen truke, suebaki oso eraginkorra izan daitekeelako 2011ko Intifada Handiaren garraldia herrialde estrategikoetara heldu baino lehen etetekoBenetan funtsezkoa, interesgarriena beste nonbait gertatzen ari ote den irudipena hazten ari zait Libiako gertakariei begirik kendu gabe nagoen bitartean. Eta ez da soilik -ezta nagusiki ere- aipatu gertakari hauei buruz dudan errezelo gero eta biziagoaren emaitza. (Hitz gutxitan esanda: Libian ikusten ari garen gerra zibil hori, luze joango balitz batez ere, izan daitekeela ezusteko opari bat Mendebaldeko botere urdurientzat. Petrolioa garestitzearen truke, suebaki oso eraginkorra izan daitekeelako 2011ko Intifada Handiaren garraldia herrialde estrategikoagoetaraino heldu baino lehen eteteko. Petrolioaren garestitzea, bestalde, ezinbestekoa izango da datozen hilabeteetan, botereari eutsi nahi dioten oligarkia ustelek ere, agintean jarraitzen badute, nolabait ordaindu beharko dutelako balizko matxinatuen errepresioa... edo erosketa. Geroak esango du, baina «gure» agintarien esanak eta egintzak oso bide ezberdinetatik joan daitezke).
Libiakoa bezain erabakigarriak izan daitezke, gainera, Pertsiako Golkoko herrialdeetan oldartzen ari diren herri mugimenduak, Iraken eta hango Tahrir plazan gertatzen ari dena ez aipatzearren. Baina matxinadaren hedadura bezain garrantzitsua da, edo garrantzitsuagoa, haren «sakonera». Eduki politikoa dei genezakeena. Eta«sakonera» horri dagokionean, are funtsezkoagoa da Intifada honek jada nola edo halako garaipena lortu duen bi herrialdeetan, Tunisian eta Egipton, jazotzen ari dena: «Trantsizioa» kontrolatzeko ipini ziren pizti mozorrotuak ere ihesarazi egin dituela herri mugimenduak. Honek bizirik jarraitzen duelako. Diktaduren hondarrak kitatzeko ezinbesteko urratsak ematen: errepresioaren arduradunak pertsegitzen, agintari zaharrak eraisten...
Tunisiako kasuan esperagarria ere bazen Ganutxiren eraispena. Ben Alik goratu zuen suhiltzailea matxinatuen jo-puntuan zegoen lehen egunetik. Behin-behineko kabinetean zituen bere kidekoak eta lurraldeetako gobernadore zaharrak sakrifikatuz bere agintaldia hilabetez luzatzea besterik ez du lortu. Presondegian amaitzen ez badu, pozik gera daiteke. Tunisiar mugimenduak badu horrenbesteko kemena.
Egipton, ordea, zailagoa zirudien. Mubaraken erregimenak bere azken egunetan diseinatu zuen trantsizio-ereduak sendoagoa ematen zuen, Indar Armatuen tutoretza ere askoz ahaltsuagoa delako, besteak beste. Baina Ahmed Xafiken gobernuak lau aste besterik ez ditu egin agintean. Eta haren kasuan ere, gobernu jauregitik auzipetuen aulkira ia zuzenean joateko posibilitateak ez dira hutsalak.
Tahrir plazan loratutako mugimendua hasieratik errezelo biziz begiratu duten agintari israeldarrei, haatik, tripako min berezia emango zien Xafiken ordez militarrek izendatu dutenaren nortasunak. Essam Xaraf, lehen ministro berria, garraio arazoetan aditu akademikoa eta alditxo batean Mubaraken ministro izan ondoren oposiziora pasatakoa izateaz gain, ezaguna da behin baino gehiagotan aldarrikatu duelako Egiptok Israelekiko harremanak ezin dituela normaldu honek palestinarrekiko bake duina egin arte. Gehiegitxo izan daiteke batzuentzat.