GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Txukun eta egoki» ekin diote Antzuolan hondakinen atez ateko bilketa sistemari

Urtarrilaz geroztik herritarrekin batera atez atekoa nolako izatea nahi duten zehazten aritu ostean, Antzuolako bizilagunek astelehen iluntzean ekin zioten hondakinen gaikako bilketari. Udaleko arduradunak pozik agertu ziren lehen egunean jasotako erantzunagatik; «sistema malgua» dela iritzita, hobekuntzak egiteko bizilagunekin biltzen jarraituko dute.

p015_f0186367.jpg

Janire ARRONDO

«Hondakinekin selektiboak direlako», atzo goizean ekin zioten Antzuolan atez ateko bilketa sistemari. Estreinatu berri duten sistemaren lehen eguneko bilketan «lortutako emaitzekin» gustura agertu ziren Udaleko arduradunak. Debagoienan hondakinak kudeatzeko sistema hau erabiltzen hasi den lehen herria da Antzuola, eta Usurbil, Oiartzun eta Hernanirekin, laugarrena Euskal Herrian.

Helburua, zaborrak sailkatuta bilduz, ahalik eta ehuneko zabalena birziklatzea -dagoeneko sistema duten herrietan %80 inguruan dabiltza-, eta modu horretan, errauste plantarik gabeko kudeaketa bat posible dela erakustea.

Astelehena zehazki ontzi arinak ateratzeko eguna zuten, eta kaleetan oraindik ohiko edukiontziak erretiratu gabe bazeuden ere, bizilagunek euren hondakinak zintzilikatzekoetan uztea hautatu zuten. «Txukun eta egoki utzi dituzte», Udaleko arduradunen hitzetan.

Hala, astelehenero egingo duten gisan, herritarrek ontzi arinak atera zituzten herenegun iluntzean, eta bihar ere, osteguna, ontzi arinen txanda izango da. Astearteetan papera eta kartoia aterako dituzte eta asteazken, ostiral eta igandeetan organikoa. Azkenik, larunbatetan errefusa -birzikla ez daitezkeen hondakinak- aterako dituzte. Egun horietan iluntzeko bederatzietatik aurrera atera ahal izango dituzte hondakinak, eta bilketa hurrengo goizean egingo da. Beira, berriz, lehenago bezala jasotzen jarraituko dute, kaleetatik erretiratuko ez diren edukiontzi berdeetan.

Errefusarena izan da Antzuolako bizilagunen artean zalantza eta kezka gehien sortu dituena. Atez atekoaren inguruan jarri duten informazio bulegotik Markel Azkargorta teknikariak GARAri azaldu dionez, hondakin bakoitza zein multzotan sailkatu behar den argitzeko jo du gehienbat jendeak eurengana. Hasieran, errefusa astean behin jasotzea ez dela nahiko iruditu arren, benetan errefusa zertan geratzen den ohartzean «lasaitu» egiten da jendea informatzaileen esanetan.

Hilabeteetako lana

Atez atekoa ezartzea, baina, ez da egun batetik besterako lana izan Antzuolan. Udalak hondakinak bereizita jasotzeko hautua eginda, urtarrilaren amaieran hasi ziren herritarrekin biltzen, eta bospasei batzarretan proiektuaren nondik norakoak azaldu zituzten. Ondoren, herritarren ekarpenak jaso zituzten astebeteko epean: zintzilikatzekoen kokapenaren gaineko proposamenak, egutegiari buruz- koak, ordutegia... Hala, ekarpen guztiak jaso eta aztertuta, otsailaren 21ean, hartutako erabakien berri eman eta kubo banaketari ekin zioten.

Etxe bakoitzeko bina kubo eta zintzilikatzekoa bizilagun bakoitzarekin identifikatzeko kodeak banatzen hasi ziren, martxoaren 7rako dena prest egon zedin. Azken aste honetan, buru-belarri aritu dira azken prestaketekin eta behin gaikako bilketa hasita, egunotan erre- tiratuko dituzte lehengo bilketa sistemarako kaleetan dauden edukiontziak.

Jarraipen batzordea

Hemendik aurrera ere, bilketa sistema hobetzeko asmoz, herritarrekin biltzarrak egiten jarraituko dute Udaleko arduradunek. Atez ateko sistema «malgua» dela diote, eta badituela «hobekuntzarako aukerak». Antzuolako alkate Pedro Iturbek jakinarazi zuenez, «atez atekoa martxan jartzea bezain garrantzitsua da bilketa sistema berriaren jarraipena egin eta hobekuntzak proposatzea, eta hori denon artean egin behar dugu, atez atekoa antzuolar guztion proiektua baita».

Horregatik, Jarraipen batzordea jarri dute martxan eta lehen bilera martxoaren 16an egingo dute, atez atekoaren lehen hamar egunen gaineko balorazioa egin eta aldaketaren bat behar ote den aztertzeko.

Aportazio-gunea Sanjosepen

Antzuolan landa eremuetako bizilagunentzat, «aportazio guneak» deitu dituztenak izango dira berrikuntza hondakinen bilketa sistema honetan. Ordutegi eta egutegi jakinik izango ez duten etxola giltzatuak izango dira ekarpen gune hauek. Edukiontzi hori, urdin, marroi eta grisa egongo dira eta bertara giltza duten bizilagunak sartu ahal izango dira.

Oraingoz halako ekarpenetarako gune bat eraiki dute Sanjosepen, baina, beharren arabera bigarrena eraikitzeko aukera ere balegoke.

2.188

2010eko datuen arabera 2.188 biztanle ditu Antzuolak. Herri gunean edo landa eremuan bizi, astelehenaz geroztik guztiek aterako dituzte hondakinak sailkatuta.

3

langile ditu Antzuolako Udalak atez atekoa posible egiten dutenak. Horietako bat bilketaz arduratuko da, eta beste biak informazio bulegoan arituko dira herritarrak informatzen.

900

kubo marroi banatu dituzte bizilagunen artean, organikoak ateratzeko. Kuboek identifikazio kodea daramate itsatsita, eta bakoitzak zintzilikatzekoan zein leku duen adierazten du.

1

Kuboez, kaleko zintzilikatzekoez, aportazio guneez edo bestelako azpiegiturez gain, hondakinen bilketa sistema honetarako egokitutako kamoi bat hartu du Udalak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo