GARA > Idatzia > Ekonomia

Aldaketa soziala aldarrikatuko du Herria Abian!ek hilaren 26ean Tolosan

Aldaketa sozialaren aldeko mobilizazio eguna antolatu du Herria Abian!ek «eredu kapitalista zanpatzailea» baztertu eta herritarren erabakitzeko eskubidea berma dadin exijitzeko. Era berean, alderdi politikoei lobby ekonomikoaren edo herriaren alde jartzeko eskatuko die.

p024_f02_148x105.jpg

A.Z.

«Aldaketa sozialaren aldeko aldarrikapen eta mobilizazio eguna» antolatu du Herria Abian! plataformak datorren martxoaren 26rako Tolosan. Hala, herritarrei dei egin die Herria Abian!ek «denok batera pertsonak, herriak eta ingurumena zanpatzen dituen eredu kapitalistari ezetz esateko».

Tolosako hitzorduarekin Aldaketarako Abiapuntua deritzon tresnaren sozializazio kanpainari amaiera emango dio Herria Abian!ek. Hain zuzen, 2009. urteko ekainean plataforma osatzen duten pertsona, kolektibo eta sektore guztiek diagnostiko bat adostu zuten. Ondoren, 2010eko ekainean, eredu ekonomiko eta sozialaren aldaketa erdiesteko Aldaketarako Abiapuntua izeneko tresna osatu zuten.

Azkenik, pasa den urrian Aldaketarako Abiapuntua sozializatzea erabaki zuten «kapitala ren eta aldaketa soziala nahi dugun sektoreon arteko indar korrelazioa aldatzen hasteko sektore ezberdinak aktibatu eta metatzeko» helburuz.

Aldaketarako Abiapuntua «gure herriak eta langileriak behar duen» aldaketa sozialean aurrerapausoak emateko tresna dela nabarmendu du Herria Abian!ek, baita sortu zenetik bultzatu dituen bi aldarrikapen nagusiak jasotzen dituela ere: egungo eredu sozialaren aldaketa sakona eta aldaketa hori gauzatzeko tresnen beharra, burujabetza ekonomikoa alegia. Era berean, Herria Abian!en bere sorrera manifestuan jasota dauden aldaketa sozialerako lau ardatz nagusiak ere (lan produktiboaren eta erreproduktiboaren banaketa, aberastasunaren banaketa, ekonomiaren demokratizazioa eta ekosistemaren garapen demokratikoa) zehaztu dituzte Aldaketarako Abiapuntuan.

Hala, pasa den abenduaz geroztik «Aldaketa sozialaren aldeko asteak» antolatu ditu Herria Abian!ek hainbat herritan aipaturiko sozializazioa gauzatzeko. Zentzu honetan, datozen bi asteetarako Donostian eta Tolosan hainbat hitzaldi antolatu dituzte. Datorren martxoaren 26an baina, amaiera emango diote sozializazio lanari Tolosan ospatuko den Aldaketa sozialaren aldeko aldarrikapen eta mobilizazio egunarekin.

Alderdi politikoak interpelatu

Aldaketarako Abiapuntua tresnaren sozializazio kanpaina amaitzearekin batera, alderdi politikoak interpelatzeko bigarren faseari ekingo dio plataformak. Lehen interpelazio fasea Madrilek «lobby neoliberalaren arauak jarraituz» pentsio sistema publikoaren erreforma planteatu zuenean abiarazi zuten. Oraingoan, maiatzean udal nahiz foru hauteskundeak ospatuko direnez, alderdi politikoei beren jarrera argi utz dezaten exijituko diete, «hitzetatik ekintzetara pasa eta lobby ekonomikoaren edo herriaren alde jartzeko garaia delako».

Azkenik, kapitalismo globalizatuaren aurkako borrokan egin daitekeen ekarpenik onena Euskal Herritik eta Euskal Herriarentzat eredu horren alternatiba izango dena sortzea dela berretsi du Herria Abaian!ek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo