Zuhurtziarik gabeko diru-bilketak
Lakuako Gobernuak atzo onartu zuen Tasen Legea aldatzeko proiektuak hainbat aisialdi- eta kirol-jardueratan ibiltzen direnen bilaketa- eta erreskate-lanak ordaintzea jasotzen du. Neurri horien helburua arriskua duten jardueretan zuhurtziarik eza saihestea omen da. Dirudienez, krisi ekonomikoarekin batera administrazioen artean dirua biltzeko grina zabaldu baino lehen ez dira ohartu zuhurtziagabetasunaren kontrako disuasio-neurriak hartzeko beharraz. Eta, nola ez ba, neurri horiek ekonomikoak dira; horregatik, saihestezina da pentsatzea ez ote den eskalada, piraguismoa, arraunketa eta gisako kirolak egiteko tasa; azken batean zenbait natur eremutara joateko tasa gisa ere uler litekeena. Zalantzarik gabe, kontzientziazioa beharrezkoa da, bai orain, baita lehen ere. Baina zuhurtziagabetasunari aurre egiteko bilaketak eta erreskateak ordaindu behar izateak ez dirudi disuasio-neurri egokiena, dirudunei dagokienez, behinik behin. Horrenbestez, badirudi haren testuingurua osasun zerbitzu publikoak ordaintzeko ezarri nahi izateko berbera dela. Ordainketa hori ezingo dute zuhurtziagabetasunaren aurkako disuasio-neurri gisa aurkeztu, gehiegizko erabileraren kontrako neurri gisa baizik, bi kasuetan benetako arrazoia berbera den arren: dirua bildu edo aurreztu beharra, eta administrazioen jokaerak erakusten duenez, horretarako daude zerbitzu publikoak, antza.