Chiracen epaiketa atzeratu dute, delituak baliogabe geratu diren ala ez erabaki arte
GARA |
Jacques Chirac Estatu frantseseko presidente ohiak behin-behinean justiziari iskin egitea lortu du. Astelehenean abiatu zen bere aurkako epaiketa -Parisko alkate zen garaian «itxurazko enpleguak» sortzeagatik- eta epaiketa ekainaren 20ra atzeratzea erabaki zuen atzo Dominique Pauthe epaileak.
Hamabi urtez presidente izateak ematen zion immunitateak babestuta egon ondoren, auzitegi korrekzional baten aurrean erantzun behar izan duen lehen estatuburu frantsesak ez zuen epaileen aurrean jesarri behar izan.
Auzitegiaren erabakiaren berri izan zuenean, epaiketa berrabiarazten denean «presente» izango dela ziurtatu zuen 78 urteko politikari ohiak.
Beraz, prozedura etenda gelditu da Yves Le Borgne defentsako abokatuak aurkeztutako helegitea argitu arte. Abokatuaren iritziz, ez da normala duela hainbeste urte jazotako gertakariak epaitzea, baliorik gabe gelditu direla argudiatuta. Horregatik, Konstituzioa oinarri harturik afera azter dezala eskatu du Le Borgnek.
Orain, auzia Kasazio Auzitegiaren esku gelditu da, Estatu frantseseko justizia erakunde gorena, eta honek, era berean, Konstituzio Kontseilura igortzeko aukera izango du.
«Diru publikoa bidegabeki erabiltzea», «konfiantza-abusua» eta kargua bere alderdiaren intereserako baliatzea leporatzen diote Chiraci, Parisko alkate zenean 30 bat «lanpostu faltsu» sortu zituela-eta.
Hain zuzen, 30 bat behargin kontratatu zituen Parisko Udalaren izenean, baina erakunde horretan lan egin beharrean, RPR Errepublikaren Aldeko Batasuna alderdiarentzat jardun zuten lanean, Jacques Chiracek Eliseoko buru izatea erdiets zezan.