Arrosa Irrati Sarea ikus-entzunezkoen dekretuaren aurka agertu da
GARA | BILBO
Euskal Herri osoko hogei irrati inguruz osaturiko Arrosa Irrati Sareak «kezka» eta «ezinegona» azaldu du Lakuako Gobernuko Kultura Sailaren irrati lizentzien inguruko dekretua dela-eta. Proiektuak 34 lizentzia banatu nahi ditu, Estatu espainolean 2010ean onartutako Ikus-entzunezko Komunikazio Orokorreko legedia aplikatuz. Arrosak «gaur egun dugun irrati dial erdaldun, monolitiko eta komertziala» indartuko duela uste du. Horregatik, «ezinbestekotzat jo dugu dekretuari alegazioak egitea», esan zuten.
Arrosak azpimarratu duenez, «euskara ez da betebehartzat hartzen eta erdara hutsean emitituko duten irratiei ez zaie euskarazko gutxieneko portzentajerik eskatuko».
Txikiek aukerarik ez
Bestalde, irrati komunitarioen bazterketa salatu dute. «Lizentzia banaketa honetan parte hartu nahi izanez gero, irrati komunitarioak irrati komertzialen baldintza berberekin lehiatzera derrigortzen ditu. Honek praktikan irrati txiki komunitarioak estatu mailako kate komertzial erraldoien aurrean babesgabe eta inolako aukerarik gabe uzten ditu».
Gainera, dekretuak zigorrak eta itxierak aurreikusten dituela-eta, kezka areagotu egin dela azaldu dute.