Iker Bizkarguenaga Kazetaria
Gure seme-alaben irribarrea
Aurreko asteburua Sakana aldean eman genuen. Larunbatean goiz samar jaiki, eta Araban bizi garen bi bizkaitar hain gertu dugun Nafarroako txoko horretara abiatu ginen. Lautada pasa eta ekialderantz jotzen dugun bakoitzean egiten dugun bezala, Etxarri Aranatzen bazkaldu genuen, herriko plazan. Giro aparta zegoen; jende gaztea eguerdiko poteoan, baita umeak ere, baloiarekin olgetan.
Sabela beteta, Arbizun izan genuen hurrengo hitzordua, gaua bertan pasa behar genuelako. Inauteri bete-betean aurkitu genuen herria. Kiroldegiko tabernan herri-bazkaria zegoen, eta bertatik pasa ziren Michael Jackson eta hainbat zonbi, Lady Gaga koadrila bat, Goi Paleolitotik heldutako leizetako gizon-emakumeak... argi zegoen bazkariak gatz faltarik ez zuela izango. Kasualitatez han aurkitu genuen lagun bati txintxo ibiltzeko esan, eta herrian osteratxo bat egitera atera ginen. Herri ederra da Arbizu, are ederragoa eguzkiak elurrez jantzitako Beriain mendia argitzen duenean.
Ilundu aurretik, Lakuntzara joan ginen paseoan. Han ere inauteriak, eta algarak eragiteko moduko mozorroak. Garagardo pare bat hartu genuen, deabruz, txirrindulariz eta pailazoz inguraturik. Bizipoza sumatzen zen kale eta taberna guztietan. Pentsatu nuen giroa ez zela ordu horretan oso desberdina izango Arratian, Aiaran, Goierrin edo Euskal Herriak dituen beste hamaika bailaratan, eta pentsatu nuen halakoa izango litzatekeela herri hau, zoriontsua, baketan utziko balute.
Gaua Arbizun pasa genuen, eta igandean, etxera bueltan, egunkaria erosi eta bizipozak alde egin zuen. Hego haizeak laino beltzak ekarri zituen berriz gurera. Berriz ere tortura.
Belfasteko Falls kalearen hasieran, Bobby Sandsen omenez marraztutako mural bat dago, eta bertan hauxe dago idatzita: «Gure mendekua gure haurren irribarrea izango da». Hitz horiek neure egiten ditut, baina argi daukat gure seme-alabek lasaiago eta garbiago egingo dutela irribarre Beatriz Etxebarria bortxatu zuten pizti torturatzaile horiek alde egiten dutenean. Betiko.