Rosario Huizi Vaquero Administrazioan Euskaraz taldea
Eremu euskaldunean ere, langile erdaldunak liburutegietan
Administrazioan Euskaraz taldeak Nafarroako Gobernua kritikatu nahi du berriz ere. Nafarroako Euskararen Legeak eremu euskaldunerako hauxe dauka ezarrita: «Administrazio bakoitzak, beraiei dagozkien eskumenen esparruan, zehaztuko du zein lanpostutarako izanen den nahitaezkoa euskaraz jakitea, eta gainerakoentzat, kontuan hartzeko merezimendutzat hartuko da besteren artean».
55/2009 Foru Dekretuak Nafarroako Gobernuaren Administrazioan euskararen balorazioa arautzen du: eremu euskaldunean, baremoaren %6 eta zenbait lanpostutan %10; eremu mistoan, baremoaren %3 eta zenbait lanpostutan %6.
Zein da Nafarroako Gobernuak erabiltzen duen bidea, euskara baloratzea saihesteko? Baremorik ez jartzea; hau da, oposizio-lehiaketaren ordez, oposizioa antolatzea. Ingelesarekin, ordea, ez du problemarik oposizio barruan proba sartzeko eta ederki puntuatzeko (%10, A eta B mailetan).
Oposizioa aukeratu du liburutegiko arduradun izateko 14 lanpostu betetzeko deialdian. Euskararen baloraziorik ez dago. Berako eta Lesakako lanpostuetan balorazio falta horrek talka egiten du Euskararen Legearekin. Hala ere, Nafarroako Gobernuak halaxe egin du.
Herri horietako lanpostuetan euskara jakitea ez da beharrezkoa. Meritu gisa baremoaren %6 baloratu ere ez du egiten (puntu guztien %1,8). Ezta baremoaren %10 ere (puntu guztien %3), nahiz eta liburutegiko arduradun postua aipatua dagoen horrelako balorazioa jaso dezaketenen artean.
Ondorioa garbia da: Nafarroako Gobernuak eremu «ez euskaldun»-eko eta eremu mistoko euskaldunen hizkuntz eskubideak kontuan ez hartzeaz gain, eremu euskalduneko euskaldunen hizkuntz eskubideak ere ez ditu aintzat hartzen.
Errealitate hitsa: euskaldunoi aurpegira barre egiten digu.