GARA > Idatzia > Kultura

«Errautsak» antzezlanak jasoko du Donostia Antzerki Saria, «ausardia eta komunikatzeko gaitasunagatik»

Ipar eta Hego Euskal Herriko konpainiek, hain justu, Artedrama, Le Petit Theatre de Pain eta Dejabu Panpin taldeek elkarlanean ekoiztutako lana da Donostia Kulturak eta Euskararen Udal Patronatuak saritutako lana.

GARA |

Artedrama, Le Petit Theatre de Pain eta Dejabu Panpin laborategiaren «Errautsak» antzezlana atera da garaile Euskararen Udal Patronatuak eta Donostia Kulturak antolatzen duten XI. Donostia Antzerki Sarian. Epaimahaiak obraren kalitatea eta balioa goraipatu ditu saria esleitzeko garaian, «lan berritzailea, lotsagabea, ausarta eta komunikatzeko gaitasun handikoa» dela iritzita.

Ximun Fuchsen zuzendari lana ere nabarmendu zuen: «Une batzuetan anarkia gailentzen dela dirudien arren, itxura besterik ez da, dena kontrolpean baitago. Bestalde, talde lana nagusitzen da. Aktore ezagunak eta ez hain ezagunak elkarren ondoan ari diren arren, oreka eta talde lana dira nagusi».

«Errautsak» Itoiz, Delirium Tremens eta Niko Etxarten garaia bizi izan zutenen sasoiaren irudikapena da, Ximun eta Manex Fuchs, Ander Lipus, Miren Gaztañaga, Ainara Gurrutxaga eta Urko Redondo aktoreek antzeztutakoa.

Ipar Euskal Herriko zein Hegoaldeko aktoreak biltzea «aberasgarritzat» jo zuen epaimahaiak eta «euskalki eta hizkera molde ezberdinak maisutasunez uztartu» direla nabarmendu. «Hori gutxi balitz, euskal kantutegiari buruzko erreferentziak etengabeak dira, jatorri, estilo eta garai ezberdinetako kantak ausardiaz erabiliz», goraipatu zuen Belen Cruz (Euskal Aktoreen Batasuna), Itziar Bilbao (SGAE), Arantxa Gurmendi (AISG), Agus Perez (antzerki kritikoa) eta Norka Chiapusok (Donostia Kultura) osatutako epaimahaiak.

Eszenaratzeari dagokionez, eremu eszeniko soila izatea (kutxa bakarra erabiltzen dute antzezlan osoan denetarako) antzerki lanaren garapenerako onuragarria dela iritzi zioten, «biluztasun eszenikoak antzezpenaren indarra lehen planora ekarri eta horri esker aktoreen lanak protagonismo guztia hartzen baitu».

Sari banaketa martxoaren 27an izango da, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean, 20.00etan, Victoria Eugenia Antzokian. Taldeak 10.000 euro eta Ainize Txopitearen margolana jasoko du, eta gainerako 2.000 euroak jasotzeko 2013. urtea amaitu aurretik euskarazko antzezlan berri bat eskaini beharko du Donostian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo