Xabier Leteren eta Gabriel Celayaren izena izango duten poesia sari bana sortu ditu Gipuzkoako Aldundiak
Ariane KAMIO |
Gipuzkoako Aldundiak Gabriel Celaya (Hernani, 1911-Madril, 1991) eta Xabier Lete (Oiartzun, 1944-Donostia, 2010) XX. mendeko euskal poeten izena izango duten poesia sariak sortu ditu, haien memoria eta ondarea bizirik mantentze aldera.
Biek ala biek, harreman estua izan zuten beraien ibilbideetan Gipuzkoako Aldundiarekin. Letek, Kultura zuzendari zenean, Celayari 1984an egindako omenaldia sustatu zuen. Hernaniarraren kasuan, Amparitxu Gaston bikotekidearen nahia izan zen poetaren izena izango zuen saria jasotzea.
Atzo Koldo Mitxelenan aurkeztutako bi sarien irabazleek 10.000 euro, oroigarria eta euren lanaren argitalpena jasoko dute saritzat. Gabriel Celaya sarietan -gaztelerazko lanentzat izango da- parte hartzeko epea martxoaren 18an zabalduko da eta Nazioarteko Xabier Lete Sariarena -euskarazko sorkuntzentzat-, apirilaren 5ean, biak ere bi poeten jaiotza egunarekin bat eginez. Bi sariei dagokienez, datorren irailean amaituko da lanak aurkezteko epea.
Halaber, martxoaren 18an Gabriel Celayaren jaiotzaren mendeurrena ospatuko da, eta Aldundiak poeta hernaniarraren lanaren inguruko jardunaldiak antolatu ditu. Hilaren 14tik 21era, errezitaldiak eta hitzaldiak egingo dira Koldo Mitxelenan; guztiak 19.30etik aurrera, martxoaren 16an izan ezik.