Sortu-ren legalizazioa, tragediaren kategorian
Sortu alderdi independentistaren legalizazioak aspaldikoak diren jokaera lotsagarriak eta eskaera ezinezkoak ekarri ditu eguneroko ohikeria informatibora. Historia kondenatzeko eskaeraz harago, badirudi etengabeko azterketa pasatu beharreko atakara zigortu nahi dutela. Tortura baliatuz egindako ustezko deklarazio polizialen inguruan hitz egitera, halako herriko pintadaz, bestelako haren zabor-edukiontziaz... Hitz egiten badu, hitz egin duelako. Eta isilik geratzen bada, esan gabe ustez adierazten duenagatik. Hitz pozoitsuak erabiliz, iritzi publiko espainolean balizko legalizazioari tragediaren kategoria eman nahi diote. Eta aseezin dabiltza, Sortuk egin duena eta egiten duena eginda ere, beti gehiago eskatuz, desafio berrien garaiotan hausnarketa eraikitzaileari eta konpromisozko soluzioei ateak itxiz.
Giro itsusi honetan, Sortuk zeresan ugari eman zuen prentsa-oharra kaleratu zuen atzo. Bertan, bere izatearen funtsaren eta bere politika- eta antolamendu-oinarrien defentsa egiten zuen. Erretolika hutsa edo mugimendu taktikoa ez diren printzipioetatik abiatuta, Sortuk Alderdien Legea betetzen du. Exijentzia moral eta sentimentalak eskatzen eta eskatuko zaizkion arren, Sortuk legala izateko eskubide osoa du. Euskal Herrian publikoa alde du. Lanak ondo egin eta asko aurreratu du. Ilegalizazioan eta blokeoan gustura daudenentzat hori da benetako tragedia.