GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Top 14

Avironek bidegurutzean aurrera egiteko aukera dauka

Zuri-urdinek Perpinyari egingo diote bisita, eta garaipena lortuko balute, kataluniarrak atzean utzi eta helburuak betetzeko urrats handia egingo dute.

p038_f01.jpg

Jon LEUNDA I

Hemendik Liga amaitu bitarte finalak jokatuko ditu bai Avironek, bai eta Biarritzek ere, baina hiriburukoek gaur izango dute beren norgehiagoka, 20.45etik aurrera Perpinyan.

Ligako final-laurdenetan sartzeko aurkari zuzen bati egingo dio bisita gaur talde zuri-urdinak. Garaipen batek, ordea, kataluniarrak lehia horretatik ia kanpoan utziko lituzke, eta galduta, hori-gorriei berriro ere bizia emango lieke.

Une honetan lapurtarrak sailkapeneko zazpigarren postuan dira 53 punturekin, aurretik duten Biarritzek dituen adinarekin. Perpinya, berriz, bederatzigarren postuan dago, eta 49 puntu ditu. Beraz, gaur lau puntu batzeak sekulako garrantzia hartuko luke, izan ere, Perpinyak horrela gehienez ere bi puntu besterik ez lituzke lortuko eta sei puntuko abantaila lortuko luke. Galtzea, berriz, atzerapausoa izango litzateke.

Liga erregularreko zazpi onenek dute datorren urtean Heineken Kopa jokatzeko txartela lortzeko aukera. Avironek ez du inoiz Europako lehiaketarik onena jokatu, beraz, hori lortzea sekulako balentria litzateke. Gauzak dauden bezala, ordea, emaitza horrekin bakarrik ez dute aski, eta estreinako seiren artean amaitu nahi dute Liga, horrek final-laurdenak jokatzeko txartela ere emango bailieke.

Perpinya betidanik izan da Top 14ko talderik onenetakoa. Liga irabazteko beti faboritoen artean egon da, baina aurten ez dabil oso ongi. Gaur, gainera, kataluniar izaera aldarrikatzeko festa ere egingo dute Aime Giral estadioan, eta ekitaldi asko antolatu dituzte. Amaieran, ordea, festa euskaldunek ospatu nahi dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo