GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

Paris-Nizako bosgarren etapa eta lidergoa, Andreas Klodenentzat

Samuel puntuan jartzen hasia da

Zentimetro apur batzuengatik egin zion ihes Samuel Sanchezi denboraldiko lehen garaipenak. Sailkapen nagusian bigarren jarri da Euskalteleko asturiarra.

p040_f01_666x666.jpg

Asier AIESTARAN I

Samuel Sanchez asturiarra Euskaltel Euskadiri denboraldiko bere lehen garaipena emateko zorian egon zen Paris-Nizako bosgarren etapan. Txapeldun olinpikoa eguneko azken igoeran (Col de la Mure, 7,6 km.) antolatu zen ihesaldian sartu zen, beste zazpi txirrindularirekin batera, baina azken esprintean, atzetik aurrera nabarmen egin arren, ezin izan zuen Andreas Kloden alemaniarra gainditu zentimetro apur batzuengatik. Etapa eta maillot horia Klodenentzat izan ziren -2009tik garaipenik lortu gabe zegoen 2000. urtean Paris-Niza irabazi zuen 35 urteko ziklista beteranoa-, eta Samuel bigarren kokatu da sailkapen nagusian liderrarengandik lau segundora.

Jardunaldia azken mendatean erabaki zen, tropelak bertan behera utzi zuelako sei gizonez osatutako -David Lopez barakaldarra tartean- lehen ihesaldia. Behin igoera hasita, Astana izan zen lasterketa leherrarazten saiatu zena, Vinokourov eta Kreuzigerrekin. Gero, talde bereko Kiserlovskik ere egin zuen saiakera, Matteo Carrara italiarrarekin batera. Horixe izan zen mugimendu erabakigarriaren muina, bi horiekin batera aurrera egin baitzuten Tony Martin, Xavi Tondo, Janez Brajkovic, Andreas Kloden, Rein Taaramae eta Samuel Sanchezek.

Tropela, Luis Leon Sanchez iazko irabazlea buruan zela, 18 segundora heldu zen helmugara. Aipagarria, Juanma Garatek bere taldekidearentzat azken kilometroetan egindako lana. Faborito nagusiek gaur izango dute proba erabakitzeko beste aukera bikain bat, seigarren etapa erlojuaren aurka jokatuko baita: 27 kilometro, Rognes eta Aix en Provence artean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo