GARA > Idatzia > Kultura

Trikitia, popa eta hip-hopa nahastu dituzte Imuntzok eta Belokik azken diskoan

p043_f02_097x092.jpg

M. LARRINAGA |

Hogei urte igaro dira Imuntzo eta Beloki trikitilariek lehen diskoa kaleratu zutenetik. Orain «Gezurra ez da egia» disko berria kaleratu dute, tradizioaren eta musika garaikidearen arteko nahasketa.

Diskoak 15 abesti biltzen ditu tradizioz herrietan abestu eta dantzatu direnak, baita gaur egungo pop eta hip-hop estiloak jorratzen dituzten beste batzuk ere. «Estilo alaia da, dantzatzeko eta entzuteko», azaldu zuen Imuntzok. «Trikitixa kantu tradizionalak eta polka erritmoko kantuak ditu». Gainera, «folki kolorea» ematen saiatu da bikotea eta biolina, zeharkako txirula eta kontrabaxua erabili dute horretarako.

«Letragile oso onak ez gara, baina egiten ditugu», adierazi zuen Belokik. Hori dela-eta, Sustrai Kolina eta Jon Maia bertsolarien laguntza izan dute bi abestiren letrak egiteko.

Abestietan aipatzen diren gaiak askotarikoak dira, politika eta gizarte arloko arazoak ere barneratu dituzte, baina «umorea erabiliz» beti ere.

15 kantuetatik batzuk bertsioak dira; horietako bat Sorotan Bele taldeak egindako bertsioaren bertsioa da eta beste batean Uztapide eta Baserri bertsolarien grabaketa bati musika jarri diote, haien ahotsak mantenduz.

Bitxikeria moduan «Kaxkarotak» abestia nabarmendu nahi izan zuten atzo egindako aurkezpenean Imuntzok eta Belokik. Izan ere, abesti hori euskal dantzaren zati izan arren, sekula ez zaio letrarik ezagutu. Bikote honek, baina, ikerketa baten ostean, aspaldiko letra bat topatu zuen eta hala, diskoan sartu dute jendeak dantzaz gain, letra hori ezagut dezan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo