GARA > Idatzia > Mundua

Dalai Lamak kargua uzteko eta oinordekoa izendatzeko asmoa du

Txinatarren aurka 1959an Tibeten izan zen matxinada ospatzeko egindako adierazpenetan, Tenzin Gyatso dalai lamak karguak uzteko eta oinordeko bat izendatzeko prest dagoela iragarri zuen. Txinak hoztasunez hartu zituen hitzok, aspaldiko kontuak direla nabarmenduz.

GARA |

Kargu politikoak uzteko eta horiek tibetarrek «modu librean hautatutako» oinordekoaren esku uzteko asmoa duela azaldu zuen atzo Tenzin Gyatso dalai lamak, Tibeten Txinaren aurka piztu zen matxinadaren 52. urteurrenean.

Erbestean dagoen Tibeteko Gobernuaren web orrian zabaldutako ohar batean adierazi duenez, hilaren 14an bilduko den Parlamentuari erabaki hau gauzatzeko Konstituzioan egin beharreko aldaketak onartzeko eskatuko diola esan zuen.

75 urteko Tenzin Gyatso, nazioartean dalai lama gisa ezagun dena, tibetarren lider erlijioso zein politikoa da eta «berezko autonomia» aldarrikatzen du Tibetentzat, beti ere egun kokatua den Txinako Estatuaren barnean.

Atzo zabaldu zuen komunikatuan, Dalai Lamak 1959. urtean txinatarren aurkako borrokan eta orain dela hiru urteko «bortxarik gabeko manifestazioetan» hildakoak gogora ekarri zituen.

Bide batez, herrialde arabiarretako azkenaldiko «demokrazia eta askatasunaren aldeko bortxarik gabeko borrokak» txalotu zituen eta iraultza horietan matxinatuek garaipena lortzea espero duela gaineratu zuen.

Honekin batera, tibetarrek txinatarren pean pairatzen duten «etengabeko izua eta estutasuna» salatu zuen eta Tibeteko egoera gertutik ezagutu ahal izateko nazioarteko batzorde bat bertara joatea proposatu zuen.

Kargu politikoak uzteko asmoa iragarri zuenean, ez dagoela «etsita» eta ez diela bere «erantzukizunei uko egin nahi» gaineratu zuen, Tibet askatzeko borrokan segituko duela nabarmenduz. «1960ko hamarkadatik tibetarrek herriak aukeratutako lider bat behar dutela esan dut behin eta berriz. Lider honen eskuetan utziko nuke boterea. Orain, argi eta garbi une hori heldu da», adierazi zuen Gyatsok.

Txina: «Iruzurra da»

Dalai Lamaren hitzei zorroztasunez erantzun zien Txinak, kargua uzteko proposamena «nazioarteko komunitateari zuzenduriko iruzurra» baino ez dela nabarmenduz.

Gyatso «Txina zatitzeko jardueretan murgilduta dagoen aginte erlijiosoaren mozorroa erabiltzen duen erbesteratu politikoa» dela esan zuen Pekingo Atzerri Ministerioko eledun Jiang Iuk.

Honekin batera, «ez da Dalai Lamak kargua utziko duela iragarri duen lehen aldia, azken urteotan horrelako ugari egin baititu», gaineratu zuen Jiangek, Tibeten garapen ekonomikoa nagusi dela azpimarratuz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo