GARA > Idatzia > Ekonomia

Haur eskoletan lanuztea deitu dute LAB eta STEE-EILASek martxoaren 22rako

0-3 urte bitarteko haurrekin lan egiten duten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Haurreskolak Partzuergoko langileak martxoaren 22an hiru orduko lanuztea egitera deitu dituzte LAB eta STEE-EILASek, bai eta ELAk ere, lan baldintzak eta zerbitzua murriztearen aurka.

A.Z. |

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Haurreskolak Partzuergoak sektorean dagoeneko ezarri dituen murrizketen eta aurrerantzean ezarri nahi dituen beste hainbaten aurka, lanuztea deitu dute LAB eta STEE-EILAS sindikatuek datorren martxoaren 22rako. Hala, Partzuergoan langileen ordezkaritzaren %85 baino gehiago duten bi sindikatuek hiru orduko lanuztea deitu dute, 11.00etatik 14.00etara, «ez langileen lan baldintzetan ez Haurreskolak eskaintzen dituen zerbitzuetan» ez dutela inolako murrizketarik onartuko aldarrikatzeko.

Hain zuzen, besteak beste, 2009tik Partzuergoa langileen kontura dirua aurrezten ari dela salatu zuten atzo LABek eta STEE-EILASek Bilbon. Izan ere, 2009an aurrekontuaren %4 langileen soldatetara bideratu bazuten ere, langileek %3ko igoera izan zuten.

Horrez gain, iaz dekretuz agindutako aurrekontuen aldaketaren ondorioz, soldaten jaitsiera are nabarmenagoa izan dela salatu zuten. «Langileen aurkako neurri» honen aurkako salaketa aurkeztu zuten sindikatuek eta epaitegiek arrazoia eman diete sindikatuei.

Neurri murriztaileak

Neurri murriztaileak gainera, lan baldintzetan zein «haurren ongizate eta heziketa eskubidean» ere eragin itzela izaten ari direla baieztatu zuten, besteak beste, ordezkapenak, kasurik onenean, erdizka betetzen direlako eta hezitzaileek jarduerak prestatzeko nahiz koordinazio lanak egiteko denbora gutxiago dutelako.

Era berean, ELA sindikatuak ere martxoaren 22rako hiru orduko lanuztea deitu duela adierazi zuen atzo prentsa ohar batean, eta LAB eta STEE-EILAS sindikatuen jarrera salatu zuen «ELAri bizkarra emanda lanuztea deitzeagatik».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo